Nazioarteko 30 artista, 75 ikuskizun eta 25 agertoki irailaren 14tik aurrera ospatuko den Magialdian

hirinet 2015ko ira. 8a, 02:00

Ikasturtearen hasierarekin batera etorriko da Magialdiaren edizio berri bat Gasteizera. Aurten 27 urte beteko ditu magiaren nazioarteko jaialdi honek eta “aurreko edizioetako programa mantendu ez ezik jarduera berriak gehitu eta jaialdia luzatu ere egin du”, azaldu dute jaialdiaren aurkezpenean. 

Irailaren 14tik aurrera, 30 artista gonbidatu baino gehiago ikusi ahalko dira, hainbat herrialdetatik etorritakoak: Frantzia, Ingalaterra, Alemania, Serbia, Letonia, AEB, Argentina, Peru eta Espainia. Guztira, 75 ikuskizun eskainiko dira, 25 agertokitan.

 

Gainera, 350 mago profesional eta amateurrek Europa biltzar etxeko jardunaldi espezializatuetan hartuko dute parte, eta guztira ia 20.000 ikuslek gozatu ahalko dute magiaz Gasteizen.

 

Galak eta ikuskizunak Principal antzokian eta Europa biltzar etxean izango dira baina aurreko urteetan bezala, kalean ere magia ikusteko parada izango dute gasteiztarrek. Erdialdeko erakusleihoetan, Plaza Berrian,  ikastetxeetan, Txagorritxu ospitalean, Dendaraban, tranbia geltokietan, Ignacio Aldecoa Kultura Etxea, Artium museoa… nonahi izango dira emanaldiak. Horrez gain, 2011n sortutako magia ibilaldiek, berriz, magia hurbiletik ikusteko aukera ematen dute, kamerarik gabe eta oso jende gutxirekin. Ohiko bihurtu diren agertokietan izango dira: Sokaren Etxea, Bibat museoa eta Ortzairen aretoa. Horrekin batera, ‘Off festibala’ –ren bitartez, magia ikuskizunak egingo dira hiriko ostalaritza establezimenduetan, agertokirik gabe, bezeroen ondo-ondoan. Aurten, Pintxoaren Astean parte hartzen duten establezimenduetako batzuetan izango da.

 

Irailaren 19an, berriz, Magialdia gala solidarioa antolatuko da, aurten Minbiziaren Aurkako Elkartearen aldekoa izango dena. Dendaraban izango da eta Cayetano Lledó mago galiziarrak “François Lafayette” ikuskizuna eskainiko du.

 

Hiru dira aurtengo programazioak izango dituen berrikuntzak. Alde batetik, Magialdia Arabako beste herrietara zabalduko da eta besteak beste, magia lantegiak euskaraz, gertuko magia eta ordubeteko ikuskizun bat eskainiko dira zenbait herritan. Beste alde batetik, Magialdia eta Pintxoaren Astea garai berean egiten direla baliatuz, pintxo “magikoenarentzako” Magialdia saria sortu da, eta parte hartzen duten establezimendu batzuetan gertuko magiaz ere gozatu ahalko da. Azkenik, Ekomagia egingo da Atarian, non birziklatzeari eta ekologiari buruzko magia emanaldia antolatu den.

 

 

Informazio gehiago: www.magialdia.com

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago