Eraso homofoboen aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen

hirinet 2015ko uzt. 21a, 02:00

Pasa den astean Txagorritxu auzoan eman zen eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Andra Mari Zuriaren plazan. 

 

Gasteizko Transbollomari Plataformak eta Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioak hamarnaka lagun bildu zituen, 'Eraso sexista eta translesbohomofobikorik ez!' lelopean. Besteak beste, EHGAM eta Sare Antifaxistaren babesa jaso zuen ekitaldiak eta bertan udaleko zein Batzar Nagusietako talde ezkertiarren ordezkariak izan ziren.

 

Antza denez, aurreko ostegun gauan, hilak 16,  gazte batek irainak eta mehatxuak jasan zituen homosexuala izateagatik. Guztira, lau erasotzaile zeuden eta gaztea autobus geltoki berrian sartu behar izan zen  babes bila. Gasteizko Transbollomari Plataformak eta Mugimendu Feministak horrelako jarrerak onartezinak direla salatu dute eta mota honetako gertakarien aurrean erantzun bat-batekoa eta gogorra egitea beharrezkoa dela adierazi dute ohar baten bidez. 

Bihar, asteazkenean, hilak 22, beste elkarretaratzea egingo dute eraso hau salatzeko, Gasteizko autobus geltoki berrian, arratsaldeko 19:00etan, Etxegorri auzo elkarteak deituta.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago