TUVISAko flota berehala berritzeko plana proposatu du EH Bilduk

hirinet 2015ko uzt. 17a, 02:00

TUVISAko flota “zaharkitua” berehala berritzeko plana proposatu dio EH Bilduk udal gobernuari. “Hain zuzen ere, autobus berriak erosteko helburuarekin 9 milioi euro lortu daitezke garraio sozietate publikoaren kredituak egokituz”, azaldu du udal taldeak. Neurri honek TUVISA eta Udalaren zama ekonomikoa igoko ez dela ziurtatu dute.

 

Gaur egun, amortizazioa eta interesak barne, 1,1 milioi euroko bi kredituei aurre egiten die garraio sozietate publikoak. Kreditu baten ordainketa urtarrilean bukatzen da eta bestea aldiz 2016ko abenduan.  Bi kreditu horiek berritzea proposatu du EH Bilduk. Hala, TUVISAk 4,2 milioi euro jasoko zituen hurrengo urtearen hasieran eta beste 5 urtearen itxieran. Kalitatezko eta bermeko garraio publikoa ematen jarraitzeko beharrezkoak diren autobusak, 10-20 ibilgailu, eskuratzeko erabiliko zen diru kopurua alegia. Autobus artikulatuen erdiak 16 urteko zerbitzua dute.

 

“Marotoren eta PPren kudeaketa tamalgarriak porrotera eraman du TUVISA. Garraio publikoan eragindako arazoari irtenbidea jarri dio EH Bildu Gasteizek gobernuaren mahai gainean bai garraio sozietatearen kontseiluaren bai Sustapen Ekonomikoko eta Elkarte Publikoen batzordearen bitartez. Orain plangintza ekonomiko finantzarioa aurkeztu behar du. Hilabeteak mugan daramatzagu eta autobus berriak lortzeko esleipenaren baldintza-agiria berehala behar dugu”, aldarrikatu du TUVISAko kontseilaria eta zinegotzia den Aitor Miguelek. “TUVISAko kontseiluaren gai zerrendaren 17 gaien artean flotaren berritzearena ez aurkitzea sinestezina da pairatzen dugun egoera larria ikusita”, gehitu du.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago