Etxeko ‘giriak’

hirinet 2015ko uzt. 21a, 02:00

Galtzerdiak eta sandaliak jantzi, argazki kamera lepotik zintzilikatu eta Gasteiztik atera gabe oporretako planak egiteko proposamenak aurkeztu ditu Turismo zerbitzuak; kanposantutik hezegunera, begietatik sabelera.

Begien bistakoegi izateagatik, oharkabean pasa daitezkeen harribitxiak egon ohi dira norberaren etxean. Etxekoei eta bisitariei horien berri emateko, proposamenez betetako udako kanpaina abiatu du Gasteizko Turismo zerbitzuak, Ikusi, Sentitu lelopean.

Bisitatu nahi ohi ez den leku batera bisita da aurtengo nobedadeetako bat: lehen aldiz, kontzertuak eskainiko dira Santa Isabel hilerrian, gauez. Pertsonaia entzutetsuak lurperatuta dauden hilobien artean, kuarteto batek eta abesbatza batek Arabako konpositoreen partiturak joko dituzte, besteak beste.

Bertako ondarearekin lotuta ere, bisitaldi berria antolatu dute, Felicia Olabe gasteiztarra eta, bera bezala, artisten mezenasak ziren beste emakume batzuen istorioen berri emateko. Badaude beste eskaintza batzuk hiria sakonago ezagutzeko: Olagibel arkitektoarekin pintxo-potea, juduen ibilbidea, bertako elizgizon eta zaldunei buruzkoa eta Gasteiz Erromantikoa ezagutzeko Ekaitza eta Pasioa izeneko bisita, besteak beste.

 

Umeei begira badaude era berean berritasunak: lehen aldiz, haientzat bereziki antolatutako gaueko bisitetan parte hartu ahal izango dute. Sukaldaritza tailerrak, Artiumen esperimentazio gunea eta txotxongilo emanaldiak dira txikienentzat pentsatutako beste planetako batzuk.

'Eko' ibilbideak

Natura eta kirola uztartuta Gasteizen bertan turismoa egiteko, hainbat aukera dago datozen asteotan: tartean, Salburun, Armentian eta Olarizun ibilaldi eko-kulturalak,  bai eta gidaridun trizikloan ibilbideak ere. Hiriburutik kanpo, Arabako gainontzeko bazterretan udako plan ugari dago. Turismo bulegoan eta Udalaren atarian (www.vitoria-gasteiz.org) ezagutu daitezke guztiak.

 

 

Kanposantuan kontzertuak

Abuztuak 14 eta 21, 21:00etan (7 euro).

Manuel Iradier, Alava Jenerala eta Mateo Moraza bezalako pertsona ospetsuen panteoien artean, bi kontzertu eskainiko dituzte Santa Isabel hilerrian, kuarteto bat eta abesbatza baten eskutik, kanposantuan aditua den Marta Extramianak koordinatuta.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Umeentzat gaueko bisitak

Abuztuak 15 eta 29 / irailak 5. 20:30 (5 euro)

Mintzaldi luzeekin lo ez hartzeko, zortzi urtetik gorako haurrentzat bereziki prestatutako gaueko bisitak antolatu dituzte abuztua eta iraileko hiru larunbatetan, Cuentame Gasteiz izenburupean (gaztelaniaz). Ume bakoitzeko, bi heldu dohainik.

 

 

 

 

Gasteizko mezenasak gogora 

Abuztua eta irailean, 20:30etan (10 euro).

Bertako artisten lana babestu duten emakume mezenasak ezagutzeko, gaueko bisita berria eskainiko dute abuztua eta iraileko hainbat ostiral eta larunbatetan, Zapateria kaleko Farolen museotik abiatuta. Felicia de Olabe ongile gasteiztarra izango da protagonista.

 

 

 

 

 

 

 

 

Dutxen etxean poesia

Uztailak 31 / abuztuak 22. goiz-arratsaldez

Ezohiko tokietan poesia eta musika eskainiko ditu Pez Limbo arte eszenikoen konpainia gasteiztarrak, Sumideros izenburupean. Ordutegi ezberdinak aukeran, Alde Zaharreko Dutxen Etxean izango da hitzordua, Hedegile kaleko 106. atarian (Correria), doan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pintxo izarren ibilbidea

Abuztua eta iraila

Gasteiz On merkatari elkarteak antolatuta, hiriko hainbat taberna eta jatetxetako Pintxo Izarrak dastatzeko mapa eskainiko du Turismo bulegoak. Ikasturtea hasita, irailaren 9tik 20ra Pintxoaren Aste Nagusia izango da, ardoa, gozogintza eta kafea nagusi.

 

 

 

Globoan hegaldia

Eskaeraren arabera. 100 eurotik gora.

Hiria beste ikuspuntu batetik begiratu nahi duten esperientzia-gosetientzat, eraztun berdea eta alde zaharra zerutik ikusteko hegaldiak antolatzen dituzte. Mugitu nahi dutenentzat, bizikletan bisita eko-kulturalak eta bestelako ibilbide aktiboak daude aukeren artean.

 

 

 

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago