Leioan kazetaritza ikasi ondoren, Arabako Herri Irratian eta Onda Vascan entzun zuten arabar askok, besteak beste Alavesen partiduen berri ematen.
Setem erakundean ere komunikazio lanetan aritu da, eta Fracking Ez eta Garoñaren aurkako foroa bezalako ekimenetan parte hartu izan du. Politikagintzarako grina M15-arekin piztu zitzaion, eta Equon hasi eta lau urtera, abiatu berri den legegintzaldian Gasteizko oposizioko zinegotzi izango da.
Zinegotzi bezala estreinatu zara. Nola bizi izan duzu lehen hilabetea?
Lurra hartzen ari naiz. Politika profesionalean berria izateaz gain, Irabaziko zinegotzi bakarra naiz, eta horrek lan handia suposatzen du, baina ilusio handia dut.
Duela lau urte Ezker Batuak bere ordezkaritza galdu zuen Udalean. Uste duzu neurri batean Irabazik hutsune hori bete dezakeela?
Testuingurua aldatu da. Lehen aldiz, Europako Alderdi Berdeko kide den talde bat, Equo, bertako instituzioetara sartu da, eta horrek ilusio handia piztu du green hiriburuan. Bestalde, garai hartan Ezker Anitza eta Ezker Batua elkarrekin zeuden. Guk hauxe espero dugu: Irabazi koalizioan ez egotea bakarrik Ezker Anitza eta Equo, baizik eta, etorkizun batean, ezkerrekoak, ekologistak eta feministak garen ahalik eta indar gehien batzea.
Gasteizko Udalean Podemosekin batera aurkeztu izana gustatuko litzaizueke?
Gure ikuspuntutik, ahal genuen guztia egin genuen, eta berriz ahaleginduko gara. Programari dagokionez, EH Bildurekin ere hainbat gaietan gatoz bat eta, alderdi ezberdinetan bada ere, zenbait proiektu elkarrekin abiatu ahal izatea espero dugu.
Zeintzuk? Ezkerreko bederatzi zinegotzi zarete guztira.
Hainbat proiektutan egin genezake bat. Guk enplegu berdea sustatu nahiko genuke, eta ingurugiroaren eta animalien eskubideen alde lan egin. Animalien eskubideak urratzen dituzten ekitaldiei diru-laguntza kentzea lortu nahi dugu, tartean zezenketak eta asto lasterketak. Gizarte politikak hobetu nahi ditugu ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko neurriak proposatu eta euskara ikasi ahal izateko diru-laguntzak areagotu. Ni neu euskara ikaslea naiz, eta jakin badakit zer nolako ahalegin ekonomikoa suposatzen duen. Diru-sarreren arabera, dohainik ikasi ahal izatea da gure proposamena. Bestalde, frackinga, Garoña eta Gasteiz Antzokia bezalako gaietan ere Gasteizko ezkerreko zinegotzien artean bat egin dezakegula uste dugu.
Zezenketak aipatu dituzu, eta oso gertu daude Gasteizko jaiak. Zer asmo duzue?
Aurten zezenketekin amaitzea zaila da, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu, beste indar politiko eta gizarte erakundeekin batera, Gasteiz animalien aurkako tratu txarrik gabeko hiria izateko. Asto lasterketari dagokionez, ez dute blusa eta neska kuadrilla guztiek parte hartzen, eta badaude alternatibak, gauzak ospatzeko beste modu batzuk.
Baina Donostian EAJk alkatetza eskuratu eta zezenketak berreskuratu ditu...
Gorka Urtaran alkatearekin hitz egin dugunaren arabera, sentiberatasun handiagoa duela dirudi. Itxaropena dugu.
Zure botoa erabakigarria izan zen Maroto alkatetzatik kentzeko. Zer balorazio egiten duzu lau aste ondoren?
Gizarteak aldaketa nahi zuen, eta egoerak eta nire kontzientziak eskatzen zidatena egin nuen, Irabaziren batzordearen gehiengoak hala onartuta. Ez nuen batzar orokorraren agindua bete, baina batzarra egin zeneko egoera eta alkatetzaren inbestidura saioko egoera oso ezberdinak izan ziren, PSEren boto aldaketagatik. Pozik nago: azken lau urteotako diskurtsoekin amaitu behar genuen, eta politika sozialagoak bultzatu.
Boto emaileen kritikak jaso dituzu? Barne zauririk?
Barne zauririk ez da ireki, ez. Batzuei ez zitzaien erabakia gustatu, baina azalpenak eman eta gero, gehienek ulertu dute aldaketaren aldeko botoa eman behar genuela. Nolanahi ere, modu horizontalean antolatzen diren gurea bezalako erakundeetan, seguraski baditugu hobetu beharreko gauzak. Denbora gutxi daramagu Equo eta Ezker Anitza elkarrekin lanean, eta gure hutsegiteetatik ikasi behar dugu.
Bestalde, inbestidura saioan ikusi zen txikienak ere eginkizun garrantzitsu bat izan dezakeela.
Gutxiengoan gobernatuko du Urtaranek. Nola ikusten duzu legegintzaldia? Egonkortasuna lortu daiteke?
Egonkortasuna bi premisen arabera lortuko dela uste dut: batetik, erabakietan indar politiko guztien parte-hartzea egon behar da; bestetik, hiritarren parte-hartzea aintzat hartu behar da ere. Egonkortasuna ez da bakarrik gobernari kopuruaren araberakoa: erabakiak hartzeko moduaren araberakoa izango da ere.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA