Ez dakit zenbatgarren lo kuluxkaren ondoren, uretan sartu eta paseatzera joan zara. Orduan ikusi dituzu sorosleak, hainbat metrora dauden dorre luze haien gainetik itsasoari so. Eta zu ere eseri zara dorre batek ematen duen itzalaren babesean, begirada itsasoan itsatsita, ur sakonetarantz, bakardadeaz gozatzen; bizitako edo irukidatutako pasarteak gogoratzen. Zure gorputza ere begiratu duzu aspaldiko partez eta ezberdin topatu duzu, nola aldatu den eta nola aldatu zaren eta arrazoi zuela Efesoko Heraklitok pentsatu duzu, ezer ez dela edo dena aldakorra dela esaten zuenean. Aldakorrak aldakor, gauetan pasealekuan dabiltzanen antzera, zuk ere pamela bat erosi duzu eta azazkalak margotu dituzu, denak urdin koloretan. Lagunari erakutsi dizkiozu harro eta bere ohiko baikortasunez erantzun dizu: "Egun solte batzuetan funtsik gabeko zerbait aldatzen dugu dena berdin mantendu ahal izateko".
Vodka-tonic bat eskatu duzu eta Gasteizen zaudenean ere pamela jantziko duzula edo azazkalak margotuko dituzula zin egin duzu, zure aldaketarekin batera zerbait gehiago ere aldatzen ari dela sumatuko duzun esperantzarekin.
Egilea: Itziar Rekalde, ipuin kontalaria. Arabako ALEA