Zibak

hirinet 2015ko uzt. 16a, 02:00

Modan jarri dira zibak berriro. Batez ere haurrak inguruan dituzuenok ongi konturatuta egongo zarete honezkero, eskoletan, parkeetan edota kalean bertan. Neuk ikusitakoaren arabera esango nuke azken urte hauetako moda indartsuenetako bat dela haurren artean, indartsuena izan ez bada. Modarekin batera, ohi denez, modu berri batzuk ere iritsi dira, baita zenbait berba ere.

 

Umeei sinestea kostatzen zaien arren, ziba dantzarazteko gure dorpezia ikusita, gu ere aritu ginen jolas berean. Hala ere, gaurko zibak eta lehengo zibak ez dira berdinak: lehengo ziba egurrezko mardulen aldean, oraingo zibak hutsik daude barrutik, plastikozkoak, zeramikazkoak edota metalezkoak izan daitezke eta, berritasun distiratsuena, horietako batzuek punta roller delakoa dute, birakaria. Izan ere, oraingo zibek errodamenduak bide dituzte; horiei esker, askoz ere errazago egiten dute dantza, eta hainbat trikimailu ikusgarri egiteko aukera dago: armiarma, txakurra, bumerana, momia, karrusela...

 

Modan jarri dira zibak berriro. Guraso harrapatu nau olde berriak, ez ume. Ziben mugimendua imitatuz, urteen jira-biran ikusi dugu geure burua gutako askok. Hala, ez dugu oso ondo ulertzen zergatik ez dakigun egiten txikitan (hain ondo) egiten genekien hura: hainbat aldiz saiatuagatik ere, ez dugu zibak dantza egiterik lortzen. Adinak trakestu gaitu, nonbait. Ez du gupida handirik erakutsi belaunaldi-aldaketak.

 

 

Egilea: Edu Zelaieta, idazlea. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago