Sormenari, leiho berriak

hirinet 2015ko uzt. 17a, 02:00

Ikus-entzunezkoen sektorea sendo ez badago ere, proiektu ugari ari dira loratzen Araban; Korterraza film laburren jaialdia bertako sorkuntzaren erakusleiho txiki bat baino ez da.

Jean-Claude Van Damme bera ere Artium museoan ari da egunotan, gerturatzen direnen artean zartakoak banatzen. Kolpe horiek ikusteko irudimena behar da, noski, hezur-haragizko aktorea etxean geratu baita. Korterraza film laburren jaialdiko lagunek, ordea, ez dute haren beharrik izan Gasteizko arte garaikideko museoan borrokaldi bortitza irudikatzeko.

 

Jaialdiko zuzendari Xabi Vitoriaren aginduetara, Korterraza aurkeztuko duen iragarkia grabatu dute Artiumen; Beñat Fontaneda eta Ander Elorza ditu alboan, ikus-entzunetan eskarmentu handia duten kolaboratzaileak. Astelehenetan museoa itxita dagoela baliatuta, artelanen arteko lau bazterretan grabatu dute jaialdia aurkezteko pizgarri izango den film laburra. "Gustora lan egiten da Artiumen, erraztasun eta baliabide guztiak jartzen dizkizute lana aurrera atera ahal izateko; kulturarekin konpromisoa duen jendea dago hemen, inplikatzen dena, eta hori aurkitzea ez da erraza izaten, zoritxarrez", aipatu du Vitoriak, grabazioa amaitu berritan. Ikus-entzunezko sektoteari erreparatuta, erakundeen "konpromiso handiagoa" bota du faltan Korterraza jaialdiko zuzendariak, "eta horretarako gogoa izatea baino ez da beharrezkoa".

 

Babes gutxiago edo gehiagorekin, baina Arabako sortzaileek proiektuak aurrera ateratzen jarraituko dutela uste du Vitoriak. Korterraza jaialdia bera ezaguna da gaur egun, baina abian jarri ahal izateko lehendabiziko urteak "oso zailak" izan zirela gogoratu du, besteak beste kalean pelikulak eskaintzeko beharrezko baimenak lortzeko. Arte eta Lanbide eskolako kideekin batera film laburren emanaldi bat antolatu zuten proba modura eta, arrakasta ikusirik, urteroko hitzordua prestatzea erabaki zuten, Kultura Kalean elkartearen bultzadarekin. "Burugogorrak garelako, baina benetan zaila izan zen dena prestatzea eta oraindik ere bada. Jendeak ez du imajinatzen halako jaialdi txiki bat prestatzeko beharrezko ditugula zortzi hilabete behintzat, ditugun baliabideak kontuan hartuta".

 

Guztira, 661 labur jaso dituzte aurten Korterraza jaialdirako, eta horien artean aukeraketa egin dute. Kalitatea, dudarik gabe, garrantzitsua da, baina kalean eman ahal izateko soinu baldintza egokiak bilatzen dituztela gogoratu du Vitoriak: "Jendeak terraza batean gozatu ahal izateko soinu bikaina izan behar du filmak, eta ahalik eta jende kopuru gehienera heltzeko moduko gaiak ere bilatzen ditugu". Aurten, gainera, lehendabiziko aldiz hiriburutik hainbat herritara egin du jauzi jaialdiak; asteburu honetan, esaterako, Amurrio eta Añanan izango da, eta beste hainbat herri igaroko ditu iraila bitartean –korterraza.com webgunean daude argibide guztiak–. Uztailaren 29tik abuztuaren 1era bitartean, berriz, Gasteizko Artiumeko plazan izango da. 

 

 

Aukeratutako filmeengatik, orain arteko jaialdirik "dibertigarrienetakoa" dela nabarmendu du Vitoriak. Hainbat herri bisitatu dituzte dagoeneko eta, herritar ugari biltzearekin batera, "gehiago ikusteko gogoz" geratu direla aipatu du. "Pozgarria  da jendea halakoak ikusteko egarriz dagoela jakitea". Besteren artean, Aitor Gutierrez, Mikel Bustamante eta Paul Urkijo arabarren lanak ikus daitezke Korterrazan.

 

Elkarlana, gakoa

Izan ere, ikus-entzunezko sektorearen egoera oparoa ez bada ere, elkarlanaren bitartez hainbat proiektu aurrera atera daitezkeela uste du Ander Elorza zinegileak: "Gutxi batzuk gara eta gehienok elkar ezagutzen dugu, eta uste dut neurri batean positiboa dela hori; saiatu beharko ginateke gure artean konpetentzia gehiegirik ez egiten eta elkarlanerako sarea sortzen". Besteak beste, Munduari mundo dokumentala eta Teatro Paraisorekin haurrentzako zine saioak prestatu eta gero, Irudikate REC enpresa arabarrarekin batera ari da, energiari buruzko dokumental bat prestatzen: "Uste dut hori dela bidea, elkarlana, batekin eta bestearekin". Bestalde, hezkuntza alorrean, eskoletan, ikus-entzunezkoen aldeko benetako apustua egitea oso garrantzitsua dela uste du Elorzak: "XXI. mendeko lengoaia indartsuenetakoa da eta jendeak benetan ez daki hori irakurtzen eta dekodifikatzen; uste dut badagoela bide bat jorratzeko".

 

Beñat Fontaneda zinegilearen ustez ere, garrantzitsua da elkarlana, eta egitasmoak aurrera ateratzeko Gasteiz Film Office moduko baliabideak aprobetxatzea. ETBko hainbat saiotan aritu da lanean eta Libe edota Similar Interests musikarien bideoklipak ere egin ditu azkenaldian. Sektorea "minduta" dagoela nabarmendu du eta babesa behar duela: "Gordin esanda, ikus-entzunezko langileok behar dugu Araban ETBk presentzia edukitzea, ez dakit biztanle kopuruagatik den, baina ahaztuta gaituzte". Oztopoak oztopo, ordea, sektorean ari direnak "pribilegiatu" batzuk direla uste du Fontanedak: "Nahi duguna egiteaz gozatzen dugu eta hori izugarria da gaur egun".

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

Argazkiak: Aritz Mtz. De Luna

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago