Paul Urkijo, zinegilea: “Ziurrenik fantasia landu ez banu ez nintzateke zinegilea"

hirinet 2015ko uzt. 20a, 02:00

Munstro eta izaki misteriotsuen mundua eskutik lotuta eraman du Paul Urkijo zine zuzendari gasteiztarrak txikia zenetik. Haren istorioetako bat ezagutzeko aukera izango da aurten Korterrazan: 'El bosque negro' filma.

Korterraza film laburren jaialdian ikusi ahal izango diren lanen artean, Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) El bosque negro filmarekin gozatu ahal izango dute fantasiazko istorioen zaleek.   Txikitatik, mitologia, sorgin eta munstroen munduan arakatu eta hori bera ageri da pantaila handian aurkezten duen lan bakoitzean.

 

Zer aurkituko du 'El bosque negro' film laburra deskubritzen duenak?

Txikitatik gustatu izan zaidan zinemaren zati baten zantzuak ditu. John Boormanen Excalibur, Jim Hensonen Labyrinth edota Sam Raimiren Army of Darkness izan daitezke horietako batzuk; horien guztien nahasketa eta abentura makarra bat da.

 

Lan honetan ere fantasia da nagusi.

Ziurrenik fantasia landuko ez banu ez nintzateke zinegile. Zinema, komiki eta ilustrazio fantastikoak gustatzen zaizkit, mitologia zalea naiz eta hori da kontatu nahi dudana, asko gozatzen dut izaki eta mundu fantastiko horiek amesten eta irudikatzen. Arte Ederrak ikasi nuen, hasiera batean Ilustrazioa ikasteko asmoarekin, baina unibertsitatean ikusi nuen ikus-entzunezkoekin posible zela istorio fantastikoak kontatzea eta horri heldu nion. Hortik aurrera, laburrak eginez, enkarguzko lanak, gutxinaka-gutxinaka gaur egun arte. Baina beti fantasiari lotuta.

 

Zine zuzendarien artean, zer erreferente dituzu?

Guillermo del Toro, esaterako, asko gustatzen zait, ikuspegi fantastikoa mantentzen duelako beti zine komertziala egin arren. Arte zuzendari bokazioa duten zine zuzendariak gustatzen zaizkit; diseinua, atmosfera, koloreak, testurak.. hori guztia ondo zaintzen dutenak.

'Naara' azken laburra filmatzen Beninen egon zara. Nolakoa izan da esperientzia?

Beste herrialde batera zoazenean beti da aberasgarria, ikuspuntu desberdinak, jendea, koloreak, usainak... Denbora gutxi izan genuen lanerako, eta, beraz, bi egunetan lokalizazioak bilatu eta kastinga egin eta beste hiru egunetan grabatu genuen, baina istorio polita geratu dela uste dut.

 

Film luze bat ere baduzu aspalditik zain. Zertan da egitasmoa?

Borrokan jarraitzen dugu. Euskal folklorea oinarri izango duen istorio bat kontatu nahi dut, ipuin ezagun bat, kutsu historiko eta fantastikoa duena... Kinoskopik produktora eta Ortzi Acostarekin batera ari naiz elkarlanean. Orain finantziazioa bilatzen ari gara, zati bat bidean da, baina besteak markatuko du azkeneko emaitza.

 

Diru-laguntzekin batera, zer behar du zinemagintzak?

Zabalkundea oso garrantzitsua da eta, batez ere, hemengo produktuak mimatzea. Frantzian, esaterako, euren pelikulak babesteko eta zineetan izango direla bermatzeko hainbat neurri dituzte. Beharrezkoa da bertako industriari oxigenoa ematea eta zabalkundea egitea. Jendeak bertakoa ere kontsumitzen ikasi behar du. Bestetik, uste dut Gasteizen badagoela sortzaileen mugimendu bat, jendea mugitzen dela, baina egindako lanak eskaintzeko eta artistak elkartzeko espazio bat botatzen dut faltan; Oihanederren horretarako areto bat izatea ez legoke gaizki, beharbada.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide