Gaur goizean alkatetzari helarazi dizkio Change.org plataformaren bidez jasotako sinadura horiek guztiak. Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxak jaso ditu ATEA elkartearen sinadurak eta irailean, Udalak Elkarbizitzarako eta Animalien Babeserako Udal Sektore Kontseiluaren bilera monografikora deituko duela adierazi du, Blusen eta Nesken Batzordeak uztailaren 25eko jaia dela eta antolatu ohi duen asto lasterketaren alternatibak aztertzeko. Talde ekologista eta animalistez gain, lasterketaren antolatzaileei deituko zaie bilerara, parte hartzeko organo horren bidez ekitaldiak eragiten duen polemikari irtenbidea bilatzearren, datorren urterako.
Sinadurekin batera, albaitaritza-txosten bat ere entregatu dio ATEAk alkatetzari. Txostena Estatuko 30 albaitarik sinatu dute, animaliek jarduera hauetan asko sufritzen dutela egiaztatzeko, ez baitute ulertzen gertatzen ari dena. Azken urteetan bezala, ATEAk egoera horren aurka borrokatzen jarraitzen du. 2014ko urtarrilaren 4an indarrean sartu zen Gasteizko Udalaren animaliak edukitzeari eta babesteari buruzko udal ordenantza berria eta lasterketa honek araudi honen hainbat puntu urratzen dituela dio animalien aldeko elkarteak. Alde batetik, parte hartzera behartuta dauden animali hauek eraso psikologikoa jasan behar dutela uste du elkarteak eta honek "deseroso eta itota sentiarazten ditu". Horrez gain, orain dela gutxi arte eraso fisikoak ere jasaten zituztela gaineratu du ATEAk bidalitako oharran. Horrekin batera, animaliek burla publikoa eta umilazioa jasaten dutela salatu dute, "asto lasterketa zaldiekin egiten diren lasterketen parodia bat baita!. Azkenik, jarduera motak honek gasteiztar askoren sentiberatasuna mintzen duela uste du ATEAk.