Batzordeko lehendakaria den Cecilia Wikströmekin egingo dute bilera eta bertan kexa formala aurkeztuko dute 1976ko martxoaren 3ko gertaeren inguruan izandako azken gorabeherekin lotuta, Espainiako Gobernuak uko egin baitio Gasteizen jazotakoen erantzuleak ikerketa deklarazioa hartzeko atxilotu eta estraditatzeari, haien gainean nazioarteko atxiloketa agindua bada ere. Horrela, kexarekin batera, dosier osagarri oso bat ere aurkeztuko dio Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeari, alor horretako europar arauak urratu diren azter dezan eta espainiar gobernuari 1976ko martxoaren 3ko biktimen eskaerak entzuteko eska diezaion.
Horrez gain, ekimena babestu duten eurodiputatu ezberdinekin bilduko dira, hala nola, EH Bildu, EAJ, Podemos, IU, Iniciativa per Catalunya Verds eta Compromís taldekoekin. Alderdi Sozialistaren babesaren baieztapenaren zain daudela azaldu du elkarteak baita PPk ekimena babestea errefusatu duela ere.
Azkenik, bisita honek Gasteizen jarraitutasuna izatea espero du Martxoak 3 elkarteak eta horretarako, 2016an Gasteiz memoria historikoaren Europako hiriburu bihurtzea lortu nahi du, sarraskiaren 40.urteurrenean, hain zuzen ere.
Gasteizko alkatea Gorka Urtaranek Martxoak 3 elkarteko kideekin Bruselaren izango dela iragarri du. “Gasteizko alkatea naizen aldetik sostengu osoa adierazi nahi diot Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari, eta bat egin justizia, memoria eta erreparazio eskaerarekin”, azaldu du.