GEU txosna 2015: egitaraua. Gasteizko Jaiek hiru egun lehenago hartuko dute lurra Aihotz plazan

hirinet 2015ko uzt. 23a, 02:00

Abuztuaren 1ean, GEU elkartearen eskutik, lurreratuko dira Gasteizko Jaiak Aihotz plazan. Orain lau urtetik hona bezala, aurten ere Gasteiz euskaldun baten alde lan egiten duen GEU elkarteak kudeatuko du Aihotz plazako txosna.

Inaugurazioa abuztuaren 1ean izango da, 13.00etan, eta abuztuaren 9ra bitartean, eguerdiko 12.00etatik gaueko 02.00ak arte izango da zabalik. Gasteizko jaietan euskara edateko parada eskainiko du aurten ere GEU txosnak.

 

Hain zuzen ere, abuztuaren 1ean, larunbata, inauguratuko da txosna, 13.00etan. Iazko ohiturari helduz, aurten ere omenaldi xume zein sentikorra burutuko da. Oraingoan, GEUrekin mendira taldeak jasoko du omenaldia. Ezkibeleko mendi tontortxoan norbaitek euskaraz jardungo zuen mendi taldetxoa sortzea polita zitekeela esan zuenetik 20 urte pasa dira eta, orotara, ia 200 txango egin ditu hilabeteko azken aurreko igandetan elkartzen den talde honek.

 

Arratsaldean, Elektrotxuflak dantzan jarriko ditu gasteiztarrak eta, ostean, Matxete Rap jaialdia ospatuko da Norte Apache eta Oihanlariak! taldeen eskutik. Jaialdia goizeko 04.00ak arte luzatuko da.

 

Igandean, abuztuak 2, berriz, haurrak izango dira protagonista 'IGANDEAK JAI familia giroan euskaraz' egitasmoaren saio berezia egongo baita. 17.00etan ‘Itsasoaren mapa’ ikuskizuna eskainiko du Kulkik eta; 19.00etan, Irrien Lagunak-en txanda iritsiko da.

 

Bestetik, abuztuaren 3an, astelehena, ‘Aihotz txotx’ izenpean sagardotegi erraldoi bihurtuko da Aihotz plaza. Besteren artean, dantza plazan, ‘berbapikea’ eta sagardotegiko pintxo bereziak eskainiko dira. Egun honetan, soilik arratsaldez zabalduko da txosna.

 

 

Urtero bezala, jai giroan eta euskara lagun igaroko dira jaiak GEUtxosnan. Eguerdiko 12.00etatik goizeko 02.00etara zabalik izango da txosna. Pintxoak eta bokata mundialak ez dira faltako!

 

Orain astebete, ‘Zer jarriko zenuke hemen’ #GEUkamiseta lehiaketa antolatu zen eta 40 proposamen baino gehiago jaso ostean, hauxe da esaldi irabazlea: ‘Baietz Euskaraz Zurekin! Euskaldunon balio erantsiak ez du zergarik’. Bozketa bidez aukeratutako lelo honekin 200 kamiseta atera eta salgai jarriko dira abuztuaren 1etik aurrera GEU txosnan. Proposamenik originalena eta dibertigarrienarekin kamisetak atera eta salgai jarriko dira GEU txosnan.

 

Era berean, oraindik premia dago txanda batzuk betetzeko. Txanda bat egin nahi izanez gero, galdetegi hau bete daiteke.  

 

 

EGITARAUA: 

 

ABUZTUAK 1, LARUNBATA [INAUGURAZIOA]

  • 13:00: GEU txosnaren inaugurazioa
  • 20:00: Elektrotxufla
  • 23:30: Norte Apache 
  • 01:00: Oihanlariak!

 

ABUZTUAK 2, IGANDEA [HAURRENTZAKO IKUSKIZUNAK]

  • 17:00: Kulki – Itsasoaren mapa  
  • 19:00: Irrien Lagunak -  'Ane eta Piratak parrandan'

 

ABUZTUAK 3, ASTELEHENA [MATXETEKO SAGARDOTEGIA]

  • 19:00: Dantza-plaza, berbapikea  eta sagardotegiko pintxo bereziak…

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago