Iñaki Beraza, Aguraingo alkatea: “Gastu arruntean dirutza izugarria xahutu dute azken lau urte hauetan"

hirinet 2015ko uzt. 10a, 02:00

EH Bilduk Udala "egoera ekonomiko zailean" utzi duela nabarmendu du Iñaki Beraza alkateak; hondakin-uren araztegi berria eta enpresarien foroa abian jartzea aipatu ditu, lehentasunen artean.

Zazpigarren legealdia izango du Iñaki Berazak Aguraingo alkate modura. Duela lau urte EH Bilduk kendu zion aginte makila, 24 urtez haren esku egon eta gero. Berriz ere hark zuzenduko du Lautadako udal nagusiena eta indarberrituta dator gainera, 300 boto baino gehiagoko aldea atera baitzion Maider Garcia de Bikuña buru duen taldeari.

 

Espero zenituen halako emaitzak?

Ez, eta pozteko modukoak izan dira, beste alderdi guztiak batera baino gehiago atera dugulako. Ia emandakoen %54 gureak izan dira eta alderdi guztietatik jasotakoak izan dira gainera, izan ere, 300 boto gehiago izan ditugu Udalean, beste alderdi batzuetara joandakoak Aldundirako hautagaian. Eskerrak eman behar dizkiegu guztiei.

  

Zer aurkitu duzue udal gobernuan? Zein da egoera ekonomikoa?

Herrian ahoz aho zebilena aurkitu dugu: gastu arruntean dirutza izugarria xahutu dute. Azken lau urteetan 2,5 milioi gehiago gastatu dituzte, 2011an egindako gastuarekin alderatuta: memoriak, azterlanak, txostenak, jaiak... Aberatsak  bagina  bezala  bizi  izan  gara. Gastu bat aipatzearren, guk kuadrillarako lan egiten zuen arkitektoarekin lan egiten genuen eta azken urteetan beste bat kontratatu dute; guk urtean 6.000 inguru ordaintzen genituen arkitektoaren zerbitzuengatik eta eurek  37.000 euro. Azterlan ugari egin dituzte, amaitu gabekoak horietako asko, eta izugarri handitu da gastua. Guk gastu arrunta zaintzen genuen, eta egin beharrekoak udaleko langileek egiten zituzten, ongi ala eskasago.

 

Alkatetza hartu berritan, 3,7 milioi euroko zorra utzi zenutela jakinarazi zuen EH Bilduk.

Hori da haiek esaten zutena. Guk errenta bat ordaintzen genuen; alegia, guk zarama biltzeko Escorri ordaindu beharrean sistema neumatikoaren amortizazioa ordaintzen genuen. Eta hori kontuan hartuta ere, 800.000 euroko aurrezkia genuen. Momentu honetan, jasotzen duguna gastatzeko da, ez da ezer geratzen. 

 

Kreditu baten beharrik izango duzue?

Ez dut uste. Gu horren kontrakoak gara erabat. Dirua eskatzea gauza erraza da, guk ere egin genezakeen aurretik eta ez genuen egin, asko kezkatzen gaituelako bankuen eskuetan egoteak. Haiek emateko prest daude, noski, baina zergatik egon behar dugu haiei lotuta? Inbertsioak egin nituela bere garaian? Noski, eta berriro egingo nituzke. Inbertsioa delako, ez gastu arrunta.

 

Zerga ikuskaritza berriari esker, 300.000 euroko iruzur poltsa azaleratu zuen EH Bilduk. Aurretik egin zitekeen?

Ez dut esaten egin behar ez zenik, baina beste modu batera egin behar zela bai. Alegia, nik empresa bat kontratatzen badut eta azaleratutakoaren %70 kobratuko duela esaten badit uste dut ez dugula ezer egin, eta hori da egin dutena. Aldiz, diputaziora jo eta euren bitartekoekin errebisio bat egingo bagenu, ez ditugulako hainbeste enpresa, azaleratutakoaren %100 udalerri honentzat litzateke.

 

Nolako harremana duzue EH Bildurekin?

Harremana zaila izan da, lehen eta orain. Batera atera ditugu gai gehienak, %70 esango nuke, baina harremana eskasa da; aurreko legealdian eztabaida ugari izan genuen eta honetan ere izango direla dirudi. Gustatuko litzaiguke aldatzea, guk eurekin eta haiek gurekin duten jarrera, baina une honetan txarra da.

 

Hauteskunde kanpainan atez atekoaren inguruko eztabaida izan zenuten, ordura arte eztabaidagai izan ez zena...

Nik neuk ere egunkari baten bitartez jakin nuen atez atekoaren aukera mahai gainean zuela EH Bilduk. Ez dakit zergatik atera zen hori, independentea naiz eta ez daukat horretan ardurarik. Kontua da atez atekoaren proposamena txosten batean ageri zela eta, oker ez banago, Miren Larrionek egin zuela txostena, kasualitatea.

 

Gehiago birziklatzeko ez al da beste pausorik eman behar, halere?

Uste dut pausoak eman behar direla zaborraren tratamenduaren inguruan. Guk lehen Gardelegira eraman behar genuen zaborra derrigorrez eta orain Jundizeko erakin batera eraman behar dugu, Europak egin duen  inbertsio baten ondoren. Baina Gasteizko Udalak erabaki behar al du zer ordaindu behar duten gainerako udal txikiek? Ezetz uste dut.

 

Gastu ekonomikoaz ari zara, baina zein da birziklatzea helburu duzuen kantitatea?

Ezarrita dauden birziklatze tasetara heldu beharko dugu, eta horretarako hainbat eztabaida izan beharko dugu. Beharbada industria garbigune bat izan dezakegu eta beharbada organikoari ere hel diezaiokegu; Jundizera eraman beharrean agian hemen egin dezakegu. Aztertu behar dugu. 

 

Zer beste lehentasun duzu hurrengo hilabeteetarako?

Zaborrarekin batera, uraren arazketa ere oso garrantzitsua da eta askotan ahaztu egiten zaigu; edozein herrialdetan horiek dira lehentasuna. Hondakin-uren araztegi on bat izan behar dugu eta horretan ahaleginduko gara. Bestetik, enplegua lehentasuna izango da guretzat; orain arte ez da enpresekin hitz egin, hori da enpresariek eurek esan didatena, eta uste dut beharrezkoa dela bestelako harreman mota bat izatea. Enpresen foroa abian jarri behar dugu.

 

Kultur arloan, zer behar du Agurainek?

Musika eskolari  ekin behar  diogu;  bertan  musika saioak antolatu behardira, pedagogikoak izan daitezkeenak, konpositore bikainak baititugu. Uste dut barrutik haztea falta zaigula. Bertako artisten lana erakustea falta zaigu, musika, dantza, argazkilaritza edo bestelako arteetan.

 

Herritarren parte-hartzea aipatu ohi da sarri. Nola ahalbidetuko duzue?

Hemen 24 ordu gara alkate eta euren zerbitzura gaude. Garrantzitsuena entzutea da, ez dago beste formularik. Askotan egiten dira  proiektu baten inguruko hirigintza txostenak, enpresarialak, juridikoak... eta herritarren txostena? Ahazten zaigu. Aguraingo erdiko kalea oinezkoentzat jartzearen inguruko aferan, esaterako, herritarrei entzutea falta izan da, eta akordioetara heltzea. Akordio sendorik gabe, jai izango duzu beti.

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago