Gasteizko udalari 68 milioi euro falta zaizkio 2015eko betebeharrei aurre egiteko

hirinet 2015ko uzt. 9a, 02:00

Gasteizko udalaren 2015eko aurrekontuari 68 milioi euro falta zaizkio ekitaldi honetako betebeharrei aurre egiteko.

 

Horrela dio, ekainaren 15ean Gorka Urtaran alkateak udaleko kontu-hartzaileari eta diruzaintzako buruari eskatu zien txostenak. Aipatutako bi goi funtzionarioek sail guztietako arduradun teknikoekin batera egiaztatu dute baliabide ekonomikoen gabezia eta hortaz, “datuek abal teknikorik osoena” jaso dutela adierazi du udal gobernu taldeak eta udaleko gainerako talde politikoei eman die aipatu dokumentua. Bertan, orain arte 2015eko aurrekontutik zer gastatu den eta gastuak ustez zer bilakaera izan duen urte amaierara arte ikus daitekeela azaldu dute. Gauzak horrela, Urtaranek azaldu du datorren astean Udalaren kontuak saneatzeko plan ekonomikoaren zirriborroa aurkeztuko dutela.

 

Txostenak jakinarazi duen moduan, “68 milioi euroko defizita estali behar litzateke 2015eko beharrizan ekonomikoak asetzeko”. Besteak beste,  15,5 milioi euro ‘Ensanche 21 Zabalgunea’ sozietateak daukan zorrari dagozkio, 8,3 milioi egiten dute hainbat saili egindako kreditu-atxikipenek (TUVISAren kasua da, esaterako), 15,7 milioi epaileen ebazpenak asetzeko, 2,45 milioiko defizita San Martineko udal bulego berriei dagokien BEZaren zati bat dela-eta, 21,65 milioi dagozkie behar adinako aurrekontu hornidurarik ez duten sozietate eta sailen gastu-partidei (TUVISAren, uraren fakturaren edo argindar gastuaren kasua da, adibidez)…

 

Horrez gain, ia beste 5 milioi euro gehitu behar zaizkio kopuru horri; udal langileen 2012ko abenduko aparteko pagaren %75 ordaindu gabe dago eta seguru asko Udalak ekitaldi honetan ordaindu beharko die.

 

Txostena aurkeztu baino lehen, PPk kontrako ikuspuntua eman zuen, honako hau argudiatuz: “Gasteizko Udalean %13,4ko defizita izan zen aurrekontuan 2010ean, eta %0,7ko superabita 2014an, eta hori guztia PPren kudeaketari esker. PPren agintaldian erabili dugun zorroztasunak bi urteko egonkortasuna ahalbidetu du”.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago