Agiri honek 10 jarduera-ardatz biltzen ditu, baita “zorroztasun ekonomikoa, zerbitzu publikoak bermatzea, gizarte kohesioa eta enplegu duinaren eta ekonomia jardueraren sustapena bereziki aintzat hartzen dituzten” 50 neurri zehatz. Horrela, Gasteiz “modernoago, solidarioago, iraunkorrago eta lehiakorrago egingo duen hiri-eredua bultzatzeko konpromisoa” hartu dute Urtarenek eta Lopez de Munainek.
EH Bilduko bozeramailea Miren Larrionek EAJ eta PS-EEK sinatu duten hitzarmena "erabat ahula" dela adierazi du: "Gasteizek behar duen aldaketari bizkarra ematen dio". Irabazi udal taldeak ere hainbat kritika egin dizkio eta agiri honek aurkezten duen hiri eredua norabide egokian doala iruditzen zaion arren, "ez ditu herritarren eskaera eta behar guztiak biltzen". Horrez gain, zenbait gaitan gabezia inportanteak daudela adierazi du ohar baten bidez.
Honako hauek dira, bi alderdiek hartu dituzten hainbat konpromiso:
“Zorroztasun ekonomikoari eta gobernu onari” arreta berezia eskaintzen dio agiriak. Legegintzaldi honetan urtero aurrekontuak eta ordenantza fiskalak onesteko konpromisoa hartzen dute, egonkortasuna bermatzeko, eta neurrizko igoerak ezartzekoa, KPIaren ingurukoak, behar bezala justifikatutako salbuespenak salbu. Gainera, gobernu-plana urtero ebaluatuko dela esaten da agirian, eta herritar guztiek eskuragarri izango dutela, kontrolatu eta jarraipena egin ahal izateko. Horrez gain, herritarren parte hartzea sustatuko dela dio agiria; herritarrek kontsultak egiteko Araudia landu eta parte hartzeko prozesuak artikulatuko baitira.
Oinarriko zerbitzu publikoak
TUVISAren zerbitzu-maila bermatuko dela dio akordioak, behar den finantzaketaren bitartez, eta, horrez gain, zerbitzua modernizatzeko konpromisoa hartzen dute, autobusak berritu eta zirkulazio azkarreko autobusak jarriz. Bestalde, AMVISA pribatizatzeko arrisku oro saihestuko dela dio agiriak. Garbiketa eta hondakinen bilketa kalitate- eta ikuskaritza-sistemen mende jarriko dira.
Enplegua eta jarduera ekonomikoa
Udalaren kontratuetan klausula sozialak sartzea bultzatuko da eta kalitateko enpleguaren alde egingo dutela adostu dute. Gasteizko Merkataritza Plan Estrategikoa zehaztuko da eta industriari laguntzak emango zaio eta garrantzia izango du etxebizitzak zaharberritzeko eta espazioak birgaitzeko udal planak ere. Horretarako, hiri finkatua eraberritzea xede izango duen sozietatea bihurtuko da 21 Zabalgunea.
Elkarbizitza eta gizarte kohesioa
Hirugarren adinekoei laguntzeko programen garrantzia azpimarratzen du agiri honek. Horrez gain, Planak eratuko dira pobrezia energetikozko egoerak saihesteko eta, beste erakunde batzuekin lankidetzan, kaleratzeak saihestearren eta kaleratzeak eragindako familiei etxebizitza eskaintzeko.
Garraioa eta mugikortasuna
Tranbia hedatzearen alde, tren / tranbia geltoki intermodalaren alde, Foronda 24 orduz irekitzearen alde eta Abiadura Handiko Trena Gasteizera iristearen alde egiten du agiriak. Bizikletari dagokionez, Gasteizen bizikletaz mugitzearen aldeko ahaleginak egiten jarraituko dutela esan dute eta horretarako, bizikleta publikoaren zerbitzuaren ezarpena aztertuko dutela.
Euskara eta Gasteizko Kafe Antzokia
Gasteizko Kafe Antzokiari dagokionez, gainerako alderdiekin batera garatu nahi dela adierazi dute. Agirian dioen moduan, “Gasteizko hiriak erreferentziazkoa izan behar du euskaldun eta gasteiztar guztien identitate-seinale den euskara bultzatzean”
Kultura
Bi talde politikoak bat etorri dira udalerriko kulturgintzaren lankidetza berreskuratzeko premian, eta bertako sortzaileen lana erraztearen alde agertu dira.
Ikusi dokumentua: Gobernagarritasun Akordioaren Oinarriak