“Sanctum Sebastianum, Fontem Rapitum, Beloagam, Zeguitagui, Aircorroz, Asluceam, Arzorociam, Victoriam veterem, Maranionem, Aussam, Athavit, Iruritam et Sanctum Vicentium, adquisivit». Aurrekoa dugu Euskal Herriko historiografiaren pasarterik ezagunenetako bat, Ximenez Arradakoak gertaeretatik lau hamarkada pasa ondoren idatzitakoa. Gaztelako Alfontso VIII.aren (Errege: 1158-1214) Araba, Gipuzkoa eta Durangaldearen konkista aipatzen ari zen Arradakoa, 1199-1200 urteetan burutua, eta 13 gazteluren zerrenda horrekin bukatu zuen narrazioa.
Errege konkistatzailearen kronikariak adquisivit (eskuratu) aditza erabiltzeak eta errege-erreginek lurraldeen foruen zina egiteak bide eman zuten Gaztelako Koroarekin itun baketsu baten teoria hauspotzeari, narrazio beraren Gasteiz, Zabalate, Trebiñu eta beste hainbat tokitako borrokak ahaztuta.
Gotorlekuen zerrendari dagokionez, aipatzen diren tokiak identifikatzea uste baino zailagoa gertatzen ari da, hainbat urte eta ikerketaren ondoren batzuen kokalekua zehazteke baitaude oraindik.
Ezezagun horietako bat da Aslucea gaztelua, Aizluzea. Esanahia ikusita, Arabako Arluzea herriko lurretan kokatu ohi da, eta askotxo izan gara aztarnen bila hango bazterrak eta inguruko mendiak miatu ditugunak. Beste proposamen batzuk ere egon dira; esate baterako, Markizko gaztelua izatea edo Abadiñoko Aitziki, baina balizko aukera horiek ez dute datu historikoek frogatzen dituzten gutxieneko baldintzak betetzen.
Nafarroako agirietan aipatzen da gaztelua, latinez idatzita, eta izenaren bertsio anitz aurki daitezkeen arren, gehienek “haitz” hitza dute oinarri, ikusitako transkripzioen arabera. Deklinazioaren akusatiboaren marka (“m”) kontuan hartu gabe, zerrenda hau egin daiteke: Aitçlucea (6 aldiz),Aitzluçea (1),Aitzlucea (2), Atzlucea (1), Aizlucea (16), Aizluçea (2), Aiçlucea (1),Ayzlucea (1), Ayzluçea (1), Aizluce (1),Haizluce (1)… Aslucea moduko bertsioak ere badaude. Hala ere, agirien transkripzioetan gaztelua aipatzeko Arlucea hiru aldiz idatzita ikusi dugula aitortu behar, baina idatzitakoa irakurtzean nahasgarri gerta daitezke s eta r hizkiak.
Lan honetan beste kokaleku bat proposatu nahi dut, behin betikoa izango delakoan, baldintza guztiak betetzen baititu: Kontrasta (Harana udalerrian) eta Larraona herrien arteko Aizluze izeneko haitza, Urbasa-Entzia mendizerrako hego-mendebaldeko ertzean, Araba eta Nafarroaren arteko mugan, hain zuzen ere.
Agirietan 1181. urtetik
Gaztelua 1181.urtean hasten da agertzen agirietan, eta gorago jaso ditugun aipu guztiak bezala, gazteluzainei zor diegu, erregearekin baitabiltza eta monarkaren erabakiak izenpetzen baitituzte lekuko gisa, ospe handiko beste lagun batzuekin batera. Aurreneko aipua:Spaynnol in Haizluce. Dena den, gazteluzainen izenek ez dute laguntza handirik ematen gotorlekuaren kokapena zehazteko. Batzuetan, gazteluzainek bi gotorlekuen ardura zuten aldi berean, eta horrek nolabaiteko elkarren hurbiltasuna adierazten du, besterik ez. Behin gertatu zen Aizluzean: Ferdinandus Roderici in Stella et Aslucea (1182).
Agiri horretan bertan, Antso Jakitunak Antoñanari emandako foruan, lehenago ere gaztelua agertzen da, biztanleak errege justiziarako nora joan zitezkeen tokiak aipatzean. Inguruko lekuak dira, eta dirudienez aipamenen hurrenkerak erlojuaren orrazien noranzkoa jarraitzen du: “(…), usque ad Stellam, Mendauiam, Lucrunium, Sanctum Uincencium, Portellam, Vitoria Nouam et Asluceam”. Antoñanaren inguruko zirkulu bat da, Asluceak ixten duena, eta proposatutako tokia ez doa aipamen horren aurka. Aslucea eta Arlucearen arteko irakurketa dela eta, ziurrenik gazteluari ere dagokio Gasteizko foruaren aipamena (1181), justizia eskatzeko tokiarena: “(…) usque ad Arluceam, et Stellam, et Bernetum, et Portell.” Arluzea herria herri ñimiñoa zenez, harrigarria izango litzateke hura izatea aipatutakoa.
Hala ere, aipamen horiek guztiak ez dira nahiko gazteluaren kokalekua aurkitzeko. Bitxia bada ere, gaztelarren konkistaren ondoko aipamen bat da askoz lagungarriago, eta aurkitu dudan bakarra, gainera. Gainontzeko aipu guztiak, orain arte eman ditudanak, 1181 eta 1200 urteen artekoak dira.
Arturo Campión jakintsu iruindarrari zor diogu aipamena, bere V. Euskarianan argitaratua. 1313. urteko Lizarrako merioaren jardueren artean horrela laburbildu zuen bat: Hamahiru zaldunek eta berrehun eta berrogei eta hamar oinezkok lagunduta Merioa Eulateko azienda lapurtu zutenen atzetik joan zen Aytzluçea gazteluraino, Araban, eta berreskuratu zuen eta anaitasuna sortu zuen Arabakoen, Gaztelako Erresumakoak, eta Aranako eta Ameskoakoen artean, Nafarroako Erresumakoak
Garai hartan, egungo Ameskoagoiena Arana zen, eta Ameskoa egungo Ameskoabarrenera mugatuta zegoen. Horren arabera, bilatzen ari garen gazteluaren kokalekua mugatik oso gertu zegoen eta, agian, Harana eskualdean bertan.
Gotorlekua kokatzeko ezagutzen ditugun proposamenen artean, badugu Mikel Ramos Agirrek eskainitakoa, Ximenez Arradaren testua aztertzen ari zela. Hark ziur aski ezagutzen zuen Campionen idatzia, “Arana” hitza jaso baitzuen Aizluzea gaztelua kokatzean: Asluceam. Araban kokatua. Arana ibarretik gertu, menditxo batean Arluzea herriaren gainean. Kontua da, Arluzea herria Arana haranetik 20 kilometro baino gehiagotara dagoela, zuzen.
Bestalde, Campionen aipamen hori ere erabili daiteke Arluzea herria gazteluaren kokalekua izateko aukera behin betiko baztertzeko. Eulatetik Arluzea herrira joateko oste txiki horrek Kontrasta eta beste herri koxkor harresidun batzuen gertutik igaro behar zuen Araban (Gaztelako Erresuma) barrena (Santikurutze Kanpezu, Antoñana…)
Halaber, Aizluze haitza hango mugan dago (GeoEuskadin, X = 559.145; Y = 4.737.680), Kontrastako hirigunearen aurrean. Urbasa-Entzia mendizerraren bazter horietan, gertuko Murube mendiaren ondoan (1.129 m) – izen hori ere interesgarria-, apalagoa da haitza (1.068 m), eta ez da agertzen mapa guztietan. Hala ere, Mendikat web orrian agertzen da xehetasun guztiekin, baita izenaren aldaerak ere: Aitzluze, Aizluze, Izluze, Isluce, Istuce (1929). Amildegiaren ertzean, zazpi bat metro garaiago da gainontzeko inguruetatik, eta begi bistan geratzen da Larraonatik eta Ameskoagoiengo bideetatik.
Haitza, berez, bi zati dira, goitik beherako pitzadura batek banatzen baitu harria. Behealdean, zati bat bost metro luze da (ekialdekoa), eta bestea (mendebaldekoa) hamabost bat metro. Oinarrian ere, gehieneko zabalera sei bat metrokoa da haitzaren bi puska hartuta. Mendebaldean, lurrean, haitz landu bat hedatzen da ordoki angeluzuzena eginez (6 x 3,5 m). Hegoaldean, haitzak estalpe bat sortzen du behealde osoan zehar, inguruko amildegiko harkaitzetan ohikoa dena, eta paraleloan luzera osoan zerrenda lau bat dago. Bi aldiz izan naiz bertan, baina ez naiz ausartu goraino igo eta goialdea miatzen. Goian zedarri geodesiko bat dago, eta inguruan haitza zizelkatuta, harria pausatzeko ziurrenik. Metalezko eskailera jarri dute igotzeko.
Haitz osoan eta inguruan ez da egitura arkitektonikorik antzematen, ezta lubanarrorik ere. Zalantza: harria eramateaz gain, haitza bera zizelkatu zuten Urbasa mendia zeharkatzen duten harrizko murruak burutzeko?
Aizluzearen kokalekua identifikatuta, horrela geratzen da oraingoz, eta nire aburuz, Arradakoak De Rebus Hispanie lanean txertatutako gazteluen zerrenda: “Sanctum Sebastianum (Donostia), Fontem Rapitum (Hondarribia), Beloagam (Beloaga, Oiartzun), Zeguitagui (Zaitegi, Letona/Zaitegi), Aircorroz (Aizorrotz, Eskoriatza), Asluceam (Aizluze, Kontrasta/Larraona), Arzorociam (Mendikute, Albiztur), Victoriam veterem (Iruña-Veleia? Letonako Gazteluze? Bitoriano?), Maranionem (Marañon, Lapoblación), Aussam (Auza, Zaldibia), Athavit (Jentilbaratza, Ataun), Iruritam (Urdiain)et Sanctum Vicentium (Zehazteke: Sonsierrako San Vicente bada, bertako gaztelua; Haraneko Done Bikendi bada, kokalekua aurkitu gabe)”.
Beraz, oraindik badago zer ikerturik.
Egilea: Antton Arrieta, Gipuzkoako Aldundiko Gordailuko zuzendaria