Kubatik, irudi iraultza bizia

hirinet 2015ko uzt. 3a, 02:00

Kubako 30 argazkilariren lana bildu dute Artiumek aurkeztu berri duen 'Ikonografia' erakusketan; urrira arte izango da, aniztasun biografiko, estetiko eta politikoetako artistak elkartu dituen bilduma.

Kubako iraultzari buruz mundu osoan oihartzuna izan zuen lehenengo erreportajea 1957an argitaratu zuen Herbert Matthewsek, The New York Times egunkarian. Sierra Maestran egin zuen, gerrilariak borrokatu bitartean, eta kronika hari esker aitzindari bihurtu zen kazetaritzaren munduan. Erreportaje haren eraginez, "Fidel Castro asmatu zuen gizona" ere deitu zion Matthewsi Anthony Depalma kazetariak. Errealitatea beste bat zen, ordea: hasieratik programa politiko baten estrategia baten parte izan zen, historia eta irudia ondo zaintzen zituena. Beste herrialde komunistetan ez bezala, ez zuten estatua erraldoiek izan ikonografia ofiziala zabaltzeko eginkizuna, argazkiek baizik.

 

Loraldi hartatik abiatuta, gaur egunera arteko bidaia egiten du egunotan Artium museoan ikus daitekeen Ikonografia argazki erakusketak. Argazki irudien bitartez iruditeria jakin bat goresteko boterea izan zuen gobernu eredu bat izan zen Kubakoa, Ivan de la Nuez  (La Habana, 1964) erakusketaren komisarioak azaldu moduan: "Eta horrek azaltzen du zergatik gero sortu zen kubatar arteak borroka egin behar izan zuen argazkigintza tradizio erraldoi horrekin, haren mitologiarekin, eta baita diskurtso estetikoa eta mitoak kudeatu eta gainditzeko beharrarekin ere".

 

Begirada ugari

Hain zuzen, hori gainditu asmoz, zenbait belaunalditako artista kubatarrak bidu ditu Ikonografia erakusketak; aniztasun biografikoa, estetikoa eta politikoa gora behera, denbora berrien eskakizunekin bat zetozen iruditeriak bilatzeko lan egin dute argazkilari hauek. "Horrek ez du esan nahi proiektuan bildu diren artistek gutxiesten dutenik kubatar nortasunari buruzko aurreko diskurtsoetan nagusi zen ikonografia", aipatu du erakusketaren komisarioak, "ikonografia hori irensteko gai izan dira, bakoitzak bere jarreratik eta begiradatik abituta beste iruditeria bat sortzeko xedez".

 

Reynier Leyva Novoren Revolución una y mil veces lanak egiten die ongietorria bisitariei, errepikapenak duen eraginari eta ondoren datozen irudien eta iruditerien gain duen inpaktuari buruzko gogoetekin. Haren atzetik, Gustavo Acosta, Juan Carlos Alom, Ernesto Pujol, Maria Magdalena Campos Pons, Raul Cordero edota Rene Peñaren lanak ikus daitezke.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabat. Arabako ALEA

Argazkia: Artium

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago