Haurrek badute non jolastu, eguraldia txarra izanik ere

hirinet 2015ko uzt. 3a, 02:00

Jolasgune berriak inauguratu dituzte Zabalganan zein Zaldiaran plazan; geltoki zaharrarena laster izango da.

Ikasturtea amaitzearekin batera, jolasgune berrien inaugurazioa iritsi da. Oraingoan, gainera, eguraldia lagun izan dute Gasteizko haurrek. Alta, hemendik aurrera, eguraldia ez da traba izango jolastokira joateko garaian, izan ere, berriki zabaldu dituzten jolasguneak estaliak dira. Aitzakiarik ez, beraz, jolastokian lagunekin zein senideekin tarte atsegin bat igarotzeko kanpoan euria, hotza edo haizea bada ere.

 

Zabalganako auzoan, igaro den asteburuan ireki zuten Eskibel ibilbidearen eta Unesco ibilbidearen artean kokatuta dagoen jolasgune estalia. Lehenagotik inguru horretan zegoen haurrentzako jolasgunea olana erraldoi baitekin estali dute.

 

Parkean zoladura biguna konpondu eta seinale berriak jarri ostean, prest dute Zabalganako haurrek jolastoki berria. Estaltzeko lanak iraun bitartean, hesi batek eragozten zuen gunera sartzeko bidea.

 

Estalita dagoen hiriko haur jolasleku bakarra da Zabalganakoa, Herrandarren kalean eraikitzen ari diren jolasguneak ateak zabaldu arte, behintzat. Proiektua aurreko agintaldian adostu bazen ere, orain amaituko dute; Okatent enpresak egingo ditu lanak, 63.888 euroan.

 

Bestetik, aurreikusita dago Salburun antzeko estalkia jartzeko lanak laster hastea. Zehazki, Ekialdeko parkeko haurrentzako jolaslekuan –Tallinn eta Nikosia kaleetatik hurbil–. Lanak Arquitectura Textil enpresari esleitu dizkiote, 76.075 euroan.

 

Estali gabe bada ere, Zaldiaran plazak jolasgune berria estreinatu berri du. Orain dela hamarkada bat, lur azpiko aparkalekua egin zuten, baina ordutik hutsik egon da espazio hori. Hemendik aurrera, zabu berriekin jolastu ahal izango dira Koroatze auzoko umeak.

 

Geltokitik jolasgunera

Zabalganan eta Zaldiaran plazan bezala, Herrandarren kaleko geltoki zaharrean egokitutako umeentzako parkeak laster zabalduko ditu ateak. Guztira, gune berri honek bost jolas eremu izango ditu: horietako bi barruan egongo dira; eta, hiru kanpoaldean.

 

Jolasteko eremuak honelaxe egongo dira banatuta: batetik, 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako bi jolas eremu egongo dira; bestetik, 5 eta 10 urte bitarteko umeentzako jolas eremu bi topatuko ditugu; eta, azkenik, ezintasun motriz edo psikikoa duten umeentzako ere eremu berezi bat egongo da. Modu honetan, mugikortasun arazoak dituzten umeek zabu bereziez disfrutatzeko abagunea izango dute, egokitutako elementuak instalatuko baitira.

 

Marotoren gobernu ohiak aurrera eramandako proiektu honen diru kontuei erreparatuz gero, geltoki zaharraren garbiketa eta desmuntatzea 95.000 euroan esleitu zuten eta haur parkearen diseinua eta egokitzapena 245.000 euroan.

 

Autobus geltoki zaharra umeentzako jolasgune bilakatzearen ideia, berriz, ez da denen gustukoa izan. Zazpigarren Alaba auzo elkartea, adibidez, kexu da, euren ustez ez baitute bizilagunen iritziak eta proposamenak entzun, ezta errespetatu ere.

 

Hain zuzen ere, hirigintza eta espazio publikoaren batzordeak maiatzaren 10ean egindako ohiko bilkuran parte hartu zuen, herritarren txandan, Zazpigarren Alaba elkarteak. Autobus geltokiaren inguruan, parte-hartze prozesurik ez dela eman salatu zuten orduan. Are gehiago, autobus geltokia Euskaltzaindia plazara eramanda, libre geratu behar zen gune horretan, bizilagunek zer nahiko luketen jakiteko elkartearekin izandako kontaktu eza ere kritikatu zuten. PPren gobernu taldeak, berriz, jolasgune estaliaren kokagunea hauteskunde programan jasota zegoela argudiatu zuen.

 

Auzo elkarteak jakinarazi moduan, martxoaren 10ean hirigintza batzordean hitza hartu ostean, galdeketa burutu zuten auzoan, La Esperanza elizan, zehazki. Bertaratutako bizilagunek hiru aukera hauen artean eman zuten botoa: adin guztientzako gune soziokulturala eta ludoteka, oinezkoentzako gune berdea eta haurrentzako jolasgune estalia. Gune soziokulturala izatea atera zen garaile bozen %46,8rekin; ondoren, gune berdearen alde egin zuten bizilagunek, %38,48; eta, azkenik, %16,64k haurrentzako jolasgunea bozkatu zuen.

 

 

Egilea:Zuriñe Etxeberria. Arabako ALEA

Argazkia: Aritz Mtz. De Luna

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago