Joan den ostiral goizean Zaharraz Harro baitan alde zaharreko kaleetan hainbat oihu, korrikaldi eta irri berezi sumatu ziren, umeen ginkana erraldoia egin baitzen. Bertan lau eta hamalau urte bitarteko neska-mutikoek parte hartu zuten, eta ez hain gazteak ziren beste hainbatek ere. Guztira, 80 haur inguru batu ziren; Goianek antolatutako udalekuetako umeak ziren gehienak, baina beste ume gutxi batzuk ere jolastera hurbildu ziren.
Etxauri plazan agertu ziren ume, eguzki eta narratzaile koloretsu batzuek ipuin labur bat kontatu zuten, eta kezkatuta, laguntza eskatu zuten. Azken aldian alde zaharreko kaleak ilun samar omen zeuden nonbait, hodeiek ez baitzioten eguzkiari irteten uzten eta ingurua triste samar zegoen. Horrela, eguzkiaren argitasuna berriz lortzeko eta kaleak berriz koloretsuak eta alaiak izateko, auzoko ume ausarten laguntza behar zutela esan zuten.
Bertan bildutakoak taldeka jarri ziren; bakoitzari kolore bat, mapa bat eta bere koloretako kartulinak eman zizkieten. Ume bakoitzak bere kartulina zatia apaindu eta dortsal moduan itsatsi eta gero, lehenengo pista jaso zuten. Mapa eskuan zutela, kolorez beteriko abenturan murgildu ziren, denon artean kolore guztiak lortzeko eta proba dibertigarri andana pasatzeko gogoz eta irrikaz. Hasiera batean, kale, kantoi eta norabide ezberdinak jarraitu arren, talde guztiek helburu berdinarekin, leku berdinetatik pasa behar izan zuten goiz osoan.
Txiki txikienekin talde bat osatu zen. 25 buru eta 50 belarridun taldea, lehenik Parraleko kantoira joan ziren kuadro politak margotzera. Ondoren, Bihotz Beltza deituriko teterian zuku goxo eta freskagarria hartu, eta Aihotz plazara abiatu ziren. Aihotz plazan soka batetik gominola goxoak harrapatu behar izan zituzten euren hortzekin; buztanak elkarri kendu eta aulkien jolasera ere jolastu zuten. Amaitzeko, Etxaurira abiatu ziren, beste guztiekin batzera.
Askotariko probak
Era berean, gainontzeko beste 7 taldeak, korrika eta beroari aurre eginez euren hurrengo pistak bilatzera ere abiatu ziren. Hala nola, Radix deitzen den elkartean (Zapatagile kalean dagoen elkartea) malabarismo eta badmintogeko partidu txiki bat jokatu behar izan zuten hurrengo pista lortzeko. Oihanederren, lehenengo munduko hizkuntza gutxituei buruzko azalpen txiki bat jaso, udaberria hitza beste hizkuntza gutxituetan nola esaten den ere ikasi, eta azkenik, hizkuntza hauen zapitxo jolas dibertigarria egin zuten sarreran. Herreria kalean aurkitzen den, 220º sukaldaritza alternatiboko gunean, batido goxo bat hartu zuten, baita apaindu ere Idea, papel y tijerakoen laguntzarekin. Hortik, Eskoriatza Eskibeleko plazara joan ziren, herri kirol ezberdinak egitera; besteak beste, soka tira, lokotsak eta txinga lasterketan korrika aritu ziren. Eta ondoren, San Markos kantoian burua uretan sartu, eta maldan gora korrika joan behar izan ziren, goian aurkitzen ziren palanganetan ahoarekin irin artean ezkutatuta zeuden goxokiak topatzera. Zelako txapeldunak!
Ahalegin handi honek bere ordaina izan zuen gero, Bihotz Beltza teterian zuku hotz eta freskagarria baitzuten zain eta. Azken hau bezala, Margolari kalean ere beste proba berezia igaro izan behar izan zuten gure neska-mutilek laster zabalduko duten La jabonería de la almendra deiturikoan, xaboiarekin eta errezeta magiko batekin ponpa erraldoiak egin zituzten. Ikusgarria benetan!.
Alea aldizkariak topatu
Azkenik, Etxauri plazara joan baino lehen, alea-ren erredakzioa bilatzera joan behar izan ziren, kostata baina lortu zuten gure gaztetxoek! Bertan beste abentura bat bizi izan zuten, harresitik ezkutatuta zegoen pista topatu behar izan zuten lehenik, eta hortik, Oihanederreko sarreran zeuden alea, aldizkariak eskuratu behar izan zituztelarik!. Behin Alea topatuta, talde argazkitxoa atera, eta berriz lasterka Alea-ko erredakziora itzuli ziren hurrengo eta azken pista izango zenaren bila.
Eguerdiko ordu batak aldera lehenengo taldeak Etxauri edo Rafa plazara agertzen hasi ziren, egarrituta baina pozik eta alai. Talde guztiak heldu bitartean, hortzadarra sortzen hasi ginen euren izenaren kartulinak muralean itsatsiz. Eta behin txiki, handi eta ertain guztiak bildu zirenean, hortzadarra osatu eta izerdi eta talde lanari esker alde zaharra koloreztatu ahal izan zuten. Begiak itxita, koloreak ahalegin guztiarekin lortu zituzten, kolore guztiak oihukatu, eta bat-batean zuziri, koloretako zerpentinak eta uretako globo andana jausi egin ziren zerutik! Goiz magiko eta koloretsua izan zuten. Hortzadarra bertan geratu zen, betiko, bertako jaiak alaitu eta alde zahar maitea egunero koloretsu eta pozik ikusteko eta bizitzeko.
Egilea: Maialen Fernandez de Pinedo. Arabako ALEA