Udak ekarri ohi ditu, ez galde niri zergatik, halakoxe eztabaida-soka esentzialista amaiezinak, eta txosnen barra inguruetan sesio labirintikoetan endredatzen gara, zerk egiten ote gaituen parrandazale, kalimotxoak ala plastiko gogorreko edalontzia lepotik zintzilik eramateak, eta, garagardoek aurrera egin ahala, gero eta lanbrotuago ikusten dugu dena. Akaso izango da eguzkia, itsasoa edo bainujantzia bezalako gauza ezdeusekin lotzen dugulako uda.
Baina gehiegi larritzea ere ez da komeni. Izan ere, gauza jakina baita udak dakarrena udak daroala. Batez ere bainujantziak, eguzkiak, itsasoak daroatza, eta esku lokaztuez ondo oratu ez ditugun hitzak oro.
Egilea: Mikel Ayllon, idazlea. Arabako ALEA