Arabako maisu garagardogileak

hirinet 2015ko uzt. 6a, 02:00

Artisau garagardogintza edo brewing-a pil-pilean dago Araban eta azken urteetan zerbeza modu naturalean ekoizten duten egitasmoak loratu dira; honekin batera, aldatu egin da urrezko likidoa kontsumitzeko modua.

Slow beer, nomada brewery,lupulua edo Pale Ale. Kontzeptu arrotzak izan daitezke garagardoaren mundutik at bizi direnentzat, baina azken urteetan ematen ari den artisau garagardogintzaren loraldiari esker, gero eta maizago entzungo ditugu. Araban, esaterako, zerbeza mimo handiz eta modu naturalean egiten duten lauzpabost ekoizle daude, ugaritu dira produktu mota hau eskaintzen duten tabernak baita sektorearen inguruko azokak ere. Horren adierazle, uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean, Falerina Lorategian (eta Etxauri plazako aparkalekuan) ospatuko den Birra Zuzenean, Gasteizko II. Garagardo artisau azoka.

 

Joselu Lopez eta Idoia Marañon izan ziren aitzindariak Araban, 2010.urtean Baias marka merkaturatu baitzuten. Lopezek Argentinatik Zuiako Oiardo herrira ekarri zuen garagardoa ekoizteko modu "berezi" hau. Bikoteak kalitatezko produktu naturala ekoitzi nahi zuen, baina balore batzuei lotuta: "Negozio-eredu jasangarriaren aldekoak ginen eta besteak beste, familiaren baserriko ukuilua egokitu genuen lantegi propioa egiteko, lan-tresna batzuk ere berrerabili ditugu eta bioerregaiak erabiltzen ditugu. Dena da eskuz egina eta prozesu osoa kontrolatzen dugu: lehengaiak erosi, garagardoa ekoitzi eta saldu".

 

Afizioa, ogibide

Falken Brewing markaren sorrera ere bidaiei lotuta dago. Bere sortzailea den Oscar Gutierrez gasteiztarra beste lekuetako garagardoa dastatzea gustuko duen horietako da eta makina bat probatu ondoren, etxean errezeta propioa egiteko grina sartu zitzaion. 2011an, informatika mundua utzi eta Falken Brewing marka izango zena prestatzen hasi zen, bi urte beranduago merkaturatu arte. "Garagardo oso bereziak egiten ditugu, estilo bati oso lotuta daudenak, modu naturalean eta lehengaiak asko zainduz", azaldu du Gutierrezek, ezinbestez slow beer kontzeptua mahaigaineratuz. "Patxadaz egiten eta kontsumitzen den garagardoa da gurea, maitasun osoz ekoizten den bertako produktua, alegia".

 

Filosofia berekoa da 2014ko ekainean jaio zen Garagart, garagardogintza arte gisa ulertzen duen enpresa gasteiztarra. Kasu honetan ere afizioak bultzatuta murgildu ziren birren mundu honetan Iñaki eta Txomin Onandia anaiak eta Silviya Zdravkova. Hasiera batean, lagunen oniritzia jaso zuten egiten zituzten errezetek, geroago, txapelketen epaimahaiena. Eta hala, zaletasuna ogibide bihurtu zen. "Garagardo industrialaren helburua ahalik eta jende kopuru handienera heltzea da, eta horretarako ez dute nahi inolako zaporearekin nabarmentzea. Guk, aldiz, garagardo bakoitzak zapore oso markatua izan dezan nahi dugu". Eta zaporea da, hain zuzen ere, artisau garagardoaren ezaugarrietako bat. Alor honetan "zuri beltzetik kolorera" salto egin dela diote Onandia anaiek. Izan ere, ardogintzan bezala, garagardoa egiteko erak anitzak dira, merkatuan topatuko ditugun garagardo motak, hortaz, amaigabeak. Ez da nahikoa lau osagai magikoak nahastearekin; ura, malta, lupulua eta legamia. Lehengaiaren jatorriak eta hartzidura prozesuak, esaterako, definituko dute hein handi baten garagardoaren izaera. Horrela, zapore arinagoa duten hartzidura hotzeko lager edo bock erak topa daitezke batetik.

 

Bestetik, ale estilokoak daude, hartzidura epelekoak. Azken hauek dira, zehazki, kasu gehienetan garagardogile maisu arabarrek aukeratzen dituzten prozesuak. Garagarteko sortzaileen arabera, gustu guztietara egokitutako garagardo estilo bat dago.  "Orain Ipa (India pale ale) estilokoak modan daude, oso mingotsak dira eta lupulu asko daukate", zehaztu du Koldo Vesga Olbea garagardotegiko bazkideetako batek. Carlos Sagasti eta Javier Aldearekin batera 2013an hasi ziren ideia mamitzen eta urte honetako maiatzean garagardotegi propioa martxan jarri zuten Agurainen.

 

Garagardotegi ibiltaria

Garagart eta Falken Brewingeko lagunek, aldiz, garagardogintzan oso zabalduta dagoen praktikarekin bat egin dute, Cuckoo edo Gipsy Brewing bezala ezagutua. Ez dute lantegi propiorik, nomadak dira eta lantegiak alokatzen dituzte ekoizpena egiteko. Askatasun osoa ematen die horrek eta beste arlo batzuei denbora gehiago eskaintzeko aukera ematen die. "Era berean, lantegi berri bat inbertsio handia da baina etorkizunean propioa izatea gustatuko litzaiguke".

 

Ildo horretan, Agurainen kokatzen den Olbeak beste bide bat hartu du. Honek ere artisau produktu naturala egiten du baina fabrikazio industrialari esker ekoizpena optimizatzen du eta horrek "prezio lehiakorra" lortzen laguntzen dio. "Artisau garagardoa garestia da, prozesua bera garestia delako eta erabiltzen diren lehengaiak ez direlako merkeak", azaldu du Koldo Vesgak, "baina egia da askotan jendeak ez duela bost euro ordaindu nahi garagardo bat edateagatik". Iritzi ezberdinekoa da Baiaseko Joselu Lopezek. "Denetarik dago eta askok nahiago dute halako hiru edatea, komertzialagoa den beste marka bateko bost edatea baino".

 

 

Bertako lehengaiak

Artisau produkzio neketsua ez ezik, lehengaiek ere berebiziko eragina dute prezioan. "Kalitate handiko lehengaiak bilatzen ditugu beti. Momentuz, kanpotik ekartzen ditugu; malta Alemaniatik edo Erresuma Batutik, eta jakina, Ipa bezalako ekoizpen zehatz batzuk egiteko lupulua Amerikatik", zehaztu du Falkeneko arduradunak. Hala ere, garagardogile arabarren joera bertako produktura hurbiltzea da. Zuiako bikoteak argi dauka: "Lehentasuna ematen diegu bertako produktuei. Ura adibidez Baias ibaikoa da eta oinarrizko maltak ere arabarrak dira. Hemen baldin badago, hemendik hartuko dugu". Araban garagarra nonahi topa daiteke eta hori aprobetxatu behar dela uste dute Olbeako kideek.

 

Harrera bikaina

Kontsumitzailea da azken kate-maila eta oro har, "oso pozik" daude artisau garagardo arabarrak jaso duen harrerarekin. Alabaina, hasierak gogorrak izan zirela aitortu dute Baiaseko lagunek. "Jendeak ez zuen produktua ezagutzen eta harrituta geratzen zen etxean eta Araban egiten zela jakitean. Dena den, behin dastatzen duzunean, ezin duzu bestera bueltatu". Falkeneko Gutierrezek sektoreak une polita biziduela dio, "arabarrek gure produktua baloratzen dute". Horrela, garagardoa orain "merezi zuen aitortza" jasotzen ari da eta xede horretan "lan pedagogikoa" funtsezkoa dela adostu dute maisu garagardogileek.

 

 

 

 

 

 

Egilea: Saioa Fernandez De Aranguiz. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide