Nesken eguna ere

hirinet 2015ko uzt. 24a, 02:00

Sorreran gizonezkoena baino ez zen mundua gero eta parekideagoa bihurtuz doa urteekin Gasteizko blusa eta nesken kuadrilletan. 24 taldetatik, batek galarazten du oraindik emakumeen parte-hartzea.

De estrangis". Halaxe egin zuen zezenetara paseoa lehen aldiz Leire Hernandez gasteiztarrak, oraindik Belakiak kuadrillako kide ez zenean. Jaiak bizitzeko modu horrekin maitemindu, eta taldean izena emateko erabakia hartu zuen. Hantxe agertu zen, bilera batean: "Hau sorpresa, emakumerik ez zutela onartzen esan zidatenean. Haien neskalagunek eta senideek zezenetara bidean parte hartzen zutela, bai, baina hortik harago ukatuta zeukatela kuadrillaren gainerako jardueratan parte hartzea". Duela zazpi urte izan zen hori, 2008an. Leirek izena emateko asmoari eutsi, eta botazioa egin zuten kuadrillan. "Ordutik, normaltasun osoz parte-hartzen dugu neskok, eta hasieran aipamen itsusiren bat egin zigutenek ere aitortu digute gure sarrerarekin pozik daudela, ez delako izan espero zutena".

 

"Zer zen ba espero zutena?". Airera bota du galdera Iratxe Irigoyenek, Txolintxo kuadrillako kidea eta blusa eta nesken batzordeko lehenengo presidentea 2006tik 2009ra. "Zorionez" emakumeak onartzen ez dituen kuadrilla bakarra geratzen dela dio, eta Blusa eta Nesken batzordearen estatutuek agintzen dutenaren arabera taldeak mistoak izan behar direla nabarmendu du.

 

Iaz, hiru kuadrillek galarazten zuten emakumeen parte-hartzea Gasteizen: Okerrak, Batasuna eta  Jatorrak. Lehenengo biek aurten egin dute "konbertsioa", Luis Izaga Blusa eta Nesken presidenteak txalotu duenez. Orain, teoria praktikara eramateko lan egin behar dutela zehaztu du, haiek eta baita beste talde batzuek ere, oraindik ere badaudelako zezenetara paseoan salbu gainontzeko jardueratan emakumeen parte-hartzea baimentzen ez dituzten taldeak.  

 

Udalak banatzen dituen diru-laguntzei buruz galdetuta, Izagak azaldu du batzordeak jaso eta kudeatzen dituela; ez dago kuadrilla misto eta baztertzaileen arteko desberdintasunik.

 

Emakumeen gidaritza

Batez ere gizonezkoek osatutako mundu baten lehenengo presidentea izan zen Iratxe Irigoyen 2006an, eta onartzen du "emakume izateagatik luparekin begiratu" zutela bere jarduna. Berarekin batera, beste hiru emakumek parte hartu zuten zuzendaritza batzarrean –Nekazariak, Txirrita eta Galtzagorri taldekoak–, eta horrek "bere gaitasuna frogatzera" behartu zituela azaldu du Irigoyenek: "Behin presidentzia utzita, batzordekide batzuk gerturatu zitzaizkidan, esatera gugan sinesten ez zuten arren, gauzak ondo egin genitzakeela frogatu genuela", dio. "Baina guk zergatik frogatu behar genuen gure aurrekoek baino zerbait gehiago? Ondoren etorri diren presidenteei ez zaie guri bezainbeste epaitu".

 

Gaur egun, Blusa eta Nesken batzordean parte hartzen duten 24 kuadrilletako ordezkarietatik bi dira emakumeak. Zenbaki horien azalpena "errelebo falta" izan daitekeela dio Iratxe Irigoyenek, "duela hamabost urteko ordezkari berdinak joaten direlako bileretara", eta garai hartan gaur egun baino askoz apalagoa zelako nesken parte-hartzea kuadrilletan.

 

Urte horiek daramatza gutxi gora behera Zuriñe Quintanak Galtzagorri kuadrillan. Bere senarra taldeko kide zelako hasi zen duela hamabi uda parte hartzen. Handik gutxira, "txistua jotzen ikasiko zuen norbait behar zutenez, ikasi eta bete-betean murgildu" zen kuadrillaren jardueratan. Urte hauetan balantza aldatuz joan da, eta gaur egun gehiago dira emakumeak gizonezkoak baino. Zenbaki eta kopuruez harago ere, inplikazio mailari dagokionez egoera gero eta parekideagoa dela azpimarratu du.

 

 

Jarrera matxistak, "gizartearen isla"

"Tetatinak": izen hori eman zion iaz norbaitek kuadrilletako pegatinei whatsapp batean, emakumeen titietan itsasteko portaerari aipu eginez. Ziztu bizian zabaldu zen mezua, eta jaietako matxismo egoerei buruzko eztabaida sutsua piztu zen, blusak protagonista. Arabako emakumeen asanbladak ere salatu zituen 'tetatinak' onargarritzat jotzen zituzten iruzkinak, tartean Luis Izaga presidentearena, eta Blusa eta Nesken batzordeak mezu harekin zerikusirik ez zuela adierazi behar izan zuen.

 

Iazko polemika eta blusen matxismo jarrerei buruzko eztabaidak ez dituzte gustuko Leirek, Iratxek eta Zuriñek. Jaietako kuadrillek "fama txarra" dutela iruditzen zaie, eta, portaera sexistak blusen artean orokortuak daudela salatzen duten ahots ugarien aurrean, "jaietan gertatzen diren egoerak gizartearen isla direla defendatzen dute beraiek, "ez blusa eta neska kuadrillen eskutik bereziki ematen den arazo bat".

 

"Jarrera matxistak edozein larunbatetan gertatu daitekeen zerbait dira, tamalez". Iratxe Irigoyenen hitzetan, "gizartean oraindik lan asko dago egiteko eta, gaia lantzeko, Blusa eta Nesken batzordea Emakumeen asanbladarekin bildu ohi da". Kuadrilletan, oro har, berdintasunaren adeko konpromisoa dutela baieztatzen du era berean Leire Hernandezek: "Gure taldean jarrera gaitzesgarri bat ikusiz gero, berehala mozten dugu".

 

Eragozpenak eragozpen, eta desorekak oraindik indarrean, blusen eguna gero eta gehiago da neskena ere, Leirek irribarretsu baieztatzen duenez: "Jantziak egiten dizkiguten dendan esan digute aurten inoiz baino gona gehiago ekarri behar izan dituztela".

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago