Ibu Hots aretoak ateak itxiko ditu, ia zazpi urtez programazio kultural oparoa eskaini eta gero

hirinet 2015ko eka. 26a, 02:00

Judimendi auzoan kokatzen den Ibu Hots aretoak ateak behin betiko itxiko dituela iragarri du eta agur esateko kontzertu ezberdinak antolatu ditu asteburu osoan zehar.

 

Gaur, ostiralean, Gramones taldea izango da bertan, 20.00etatik aurrera eta larunbaterako eta iganderako IROS-TODXS-A-LA-MIERDA FEST festibala antolatu dute, non egunero hiru taldek joko duten, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Dohakoa izango da jaialdia eta momentuz, bertan izango taldeen izenak sorpresa bat izango direla adierazi dute.

Ibu Hots tabernak sei urte eta erdi egon da Gasteizen etengabeko programazio kulturala eskaintzen, non musika ez ezik, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat adierazpen artistikoei lotutako jarduerak antolatu dituzten. Asko dira bere oholtzatik pasa diren musika taldeak, hala nola, Obligaciones, Arizona Baby, Vibrators, Lagartija Nick, Woman, The Walk On Bye, White Hills, Okkultokrati, Mugstar, Endless Boogie eta Cápsula.

Ibu Hots espazioak Gasteizen dagoen “hutsune kulturala” betetzen egon da azken urte hauetan eta “egindako ibilbidearekin oso pozik gaude”, azaldu dute espazioaren arduradunek sare sozialen bitartez.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago