Sexu askatasuna aldarri

hirinet 2015ko eka. 27a, 02:00

Bihar, hilak 28, sexu askatasunaren aldeko nazioarteko eguna ospatuko da Araban eta mundu zabalean, 'Harrotasun eguna' bezala ere ezaguna. Gasteizko Emaize sexologia zentroak gogoetarako gonbidapena egin du ALEAn.

Urtero, hamaika apaingarriz josiriko hiriburu handietako kaleak milioika pertsonaz betetzen dira harrotasunez haien nortasunen ezaugarri zehatz bat aldarrikatzeko. Bai, ekainaren 28az ari gara: sexu askatasunaren aldeko nazioarteko egunaz.

 

Egun honetan, LGTB taldeek, –gero eta hizki gehiago gehitzen zaizkiolarik LGBTIQ, intersexualak, Queerrak...– tolerantziaren aldeko agerraldi publikoa egiten dute espektakulu ikusgarriak sortuz. Hala ere, merkantilizazio prozesuan barna, askatasun sexuala negozio bihurtu da, milioika euro mugituz eta, maiz, urteko gainontzeko egunetako aldarrikapenak alboratuz. Kritikak kritika, ba al dakizue zergatik ospatzen den egun hau ekainaren 28an?

 

1969. urtea. New Yorkeko Greenwich auzoko Stonewall taberna. Garai hartan, eredu sexual monolitikoan ez zeuden pertsonen kontrako jazarpena burutzen zuten Ameriketako Estatu Batuek, bestelako moduak gutxietsiz eta debekatuz. Testuinguru horretan, heteronormatik ateratzen zirenentzako eta pertsona transexualentzako elkartze puntu garrantzitsu bihurtu zen Greenwich auzoa. Poliziak askotan egiten zituen sarekadak, urte horretako ekainaren 28an sarekadarik bortitzena gauzatu zuten arte. Gertakari horiek inflexio-puntu bihurtu ziren: berriz makurtu ez eta, ordutik, identitate sexuala eta desioaren orientabidea azalarazteko eskubidearen aldeko borrokak ez du etenik izan.

 

Gaur egun oraindik ere bereizkeria, estigmatizazioa eta gizarte-bazterketa jasaten dute gutxiengo erotikoek. Ideia baztertzaile horiei aurre egiteko, herri-erakundeek guztion eskubideak babesteko neurriak hartu beharko lituzkete haien politika eta jarduera publikoetan. Hauteskundeak ospatu berri ditugu, baina zenbat programatan irakurri dugu ildo horretako proposamenik? Politika publikoak aztertuz gero ondorioztatu dezakegunez, baliteke gure noizbehinkako aldarrikapena nahikoa ez izatea, eta aniztasuna eta askatasuna oinarri, egun guztiak erreibindikaziorako egun izan behar izatea. Botere publikoek ere ardura izugarria dute, gutako bakoitzak eta guztiok gure sexualitatea den moduan bizi eta landu ahal izateko: bitxia eta bakarra.

 

Egilea: Emaize Sexologia Zentroa. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago