Ikerne Altuna: “Ikusten ez den lana egiten du Sarek, baina oso beharrezkoa”

hirinet 2015ko eka. 28a, 02:00

Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoa bihotzeko eritasunekin hasi zenetik, duela zenbait urte, aske uzteko eskatu du haren familiak, Ikerne Altuna senideak gogoratu duen moduan; larunbatean, hilaren 27an, Gasteizko kaleetara eramango dute gaixo diren preso guztiak aske uzteko aldarrikapena.

Gaixotasunen bat duten presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko giza katea izango da larunbatean, hilaren 27an, Gasteizko kaleetan. Bereziki gogoan izango dute Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso gasteiztarra; 66 urte ditu eta endekapenezko gaitz larri bati aurre egin behar dio Villabonako (Asturias) espetxean. Zigorrari "zigor gehiago" erantsi ez diezaioten, aske uzteko eskatu du haren koinata Ikerne Altunak.

 

Nola dago une honetan Jose Ramon?

Bihotzeko gaitza izan du azken urteetan, baina joan den abuztuan taupada-markagailua jarri zioten eta, geroztik, dexente hobeto dago, baina ahul...

 

Nola eragin dio eritasunari kartzelak?

Gaizki, oso gaizki. Bihotzeko gaixotasunarekin batera, prostata arazoak ere izan ditu eta aldaka eta hezurrak ere oso gaizki dauzka; Villabonako kartzela honetan hezetasun handia dago eta hezurretan nabari du. Kontuan izan 66 urte dituela eta adina gero eta zama handiagoa dela. Bertako medikuen kontra ez daukagu kexarik, alderantziz, kontrol zorrotza egiten diote eta ondo zaindu dute behar izan duenean, baina baldintzak ez dira onak. 

 

Zer da larunbateko protestarekin aldarrikatu nahi duzuena?

Eskatu nahi dugu gaixo dauden preso guztiak askatzea, ez da Jose Ramonen kontua bakarrik. Hamar lagunen izenak aurkeztu ditu Sarek, baina badaude euren izena publiko egin nahi ez dutenak ere. Guztientzat eskatuko dugu. Benetan kasu larriak daude, salbuespen egoerakoak, Ibon Iparragirre edota Ibon Fernandez Iradirena kasu, baina beste asko ere bai. Zigorrari zigor gehiago gehitu ez diezaioten eskatuko dugu, eta aske utz ditzaten. Kartzela barruan dauden kasu larriei erreparatuta, askotan burutik pasa zait Espainiako Gobernuak ez ote duen nahi zoritxarreko amaieraren bat, ez dut krudela izan nahi baina hala iruditzen zaiz, ez dakit horretarako interesa izan dezaketen, beste modu batera ulergaitza egiten baitzait hau guztia. Oraintxe bertan kalean behar luketen presoak dauzkate kartzelan. Egoera honen kontra, Leizaola plazan izango gara, 12:00etan, Santiago ospitale parean, Justizia jauregiraino  joango den giza katearekin.

 

Jaiki Hadi medikuen kontrako erasoa nola bizi zenuen?

Mina egiteko beste modu bat izan zen. Kate luzean beste bat. Izugarria da egiten duten lana, Sarek egiten duen moduan.

 

Sare ikertzeko agindu du aste honetan Auzitegi Nazionalak.

Ez dut uste haren kontra egingo dutenik, hori pentsatu nahi dut behintzat. Gainera, askotariko profesionalak biltzen ditu Sarek; osasun  alorreko langile ugarik eman diote babesa ekimenari. Beharbada aurreko taldeak lotuago egon dira ezker abertzalearekin eta aitzakia hori izan dute, baina honetan bateko eta besteko profesionalak daude. Niretzat zoragarria da egiten duten lana, izugarrizko babesa; ikusten ez den lana egiten dute baina oso beharrezkoa. Orain arte egindako lan handiaren  fruitua ere badela esango nuke, hainbat lagunen lana.

 

Nazioartetik ere heldu zaizue babesa...

Bai, Argentinako A Casa/Etxera kolektiboaren babesa, esaterako, oso garrantzitsua da guretzat. Mirestekoa da egiten duten lana. Pare bat aldiz etorri dira Euskal Herrira eta zoragarriak dira. Gaixo dauden presoei eta euren familiei laguntzen diete, gutunekin edota telefono dei batekin bada ere. Aitzol Gogortza preso oreretarraren amak kontatzen zigun aurreko batean nola ia egunero deitzen dioten Argentinatik, nola dagoen galdetzeko, animatzeko... istorio gogorrak daude eta halako laguntza sendagarria da.

 

Bertako agintarien aldetik babesa sumatzen duzue?

Kar kar kar... Hemen interesak baino ez du agintzen. Babes falta sumatzen dugu, bai, zalantzarik gabe. Eskerrak, tarteka, herritarrek mugiaraztera behartu dituzten. Poliki-poliki bada ere, nik esango nuke hasi direla mugitzen.

 

Nola eragin dizue dispertsio politikak?

Nabarmen, noski. Espainian 22 urte egingo ditu uztailean, eta aurretik Frantzian 3 urte egin zituen espetxean eta 15 hilabete konfinatuta Calaisen. Espainian Alcazar de San Juanen egin ditu ia urte gehienak eta azkenekoak Villabonan; espetxe aldaketak oso gaizki eraman ditu beti, eta baita espetxe barruko zelda aldaketak ere, egokitu arte oso gaizki pasatu du. Hainbat eskaera egin ditu Euskal Herrira ekartzeko baina beti ezezkoa eman diote eta dagoeneko ez du horretan itxaropenik, ez du uste Asturiasetik mugituko dutenik. Guretzat, noski, zama bat da hilabetero Asturiasera joan behar izatea, gaua ez egiteko eta lana ez galtzeko larunbatean goizean goiz jeiki behar dugulako eta kilometro ugari egin... Iurretako beste familia batekin joaten gara, hilero. Pozik goaz, beti ilusioarekin joan behar dugu, baikor, baina nabari dugu hainbeste urteetako nekea.

 

2019an beteko du kondena.

Bai, oraindik lau urte... Frantziakoak  zenbatuz gero hiru urte gutxiago dira halere. Etxean behar luke.

 

Andoni Cabello Urbinako presoa aske geratu zen joan den astean, 24 urte eta gero...

Bai, pozteko albistea da hori ere. Bazen ordua! Halako albisteekin emozio asko bizitzen ari gara gurean... Parot doktrina bertan behera utzi zutenean Jose Ramonen edadeko preso asko geratu ziren aske, egunero ateratzen zen baten bat, eta beti geratzen zitzaigun zera hori, "eta Jose Ramon?". Ezusteko asko izan ditu eta orain irteera egunean baino ez du jarrita burua, horretan zentratuta dago, 2019ko abuztuan. 

 

'Zuzendu' izeneko programa aurkeztu zuen lehendakariak apirilean eta laster abian jartzeko asmoa du. Presoei bizikidetzaren alde pausoak eman eta "iraganaren interpretazio kritikoa" egiteko galdegin die.

Nik ez dakit nola ez duen lotsarik halakorik eskatzeko! Zeinek egin behar du autokritika? Oraindik errepide bazterretan gorpuzkinak ateratzeko daudenean... Eskatzeko beti prest, baina pauso bat bera ere eman gabe, beti Madrilen aitzakiarekin. EAJ oso ondo dago euren eserlekuan, etengabe barkamenaren diskurtso gogaikarria errepikatuz.  Urkulluren adierazpen batzuekin harri eta zur geratzen naiz, egia esan; aurrekoan, herriko tabernen auziaren inguruan esan zuen auzipetuei kondena murriztuta politika egiteko aukera izango dutela... uste duzu halakorik esan dezakeela lehendakari batek? Faborez! 

 

Jaurlaritzak zer pauso eman beharko luke, zure ustez?

Guztiak ditu emateko. Ez du pausorik eman. Ausarta izan behar da eta pausoak eman. Agintariei euren legea betetzea baino ez diegu eskatzen eta gure kasuan, Jose Ramoni dagokionez, badakite zer egin behar duten. Gaixo dauden presoen kasuan legea betetzea baino ez dugu eskatzen. Eusko Jaurlaritzak "aski da!" esan behar du, honaino heldu gara, beste garai bat bizitzen ari gara eta nahikoa da. Eurek ikusi beharko dute zeinekin elkartu behar duten honi aterabidea emateko, ni ez naiz politikaria; hortxe zain dituzte bitartekariak adibidez, lan bikaina egiten ari direnak bestetik...

 

Noiz bisitatuko duzue berriz Jose Ramon?

Datorren asteetan Madrilen izango da, deklaratzen, eta Asturiasera noiz bueltatuko den ziurtatu ez diotenez uztailean ez du bisitarik izango. Abuztuan joango gara.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

Albiste honi lotutako gehiago:

 

[AUDIOA] Hirinet FM irratsaioan Luis Galdos neurologo eta SAREko kideari egindako elkarrizketa:

 

 

{mp3}elkarrizketa-sare-luis-galdos_20150624{/mp3}

 

 

 

 

Osasun eremuko langileak Sarek larunbatean osatuko duen giza katera batu dira

 

Giza kate batek preso gaixoen etxeratzea aldarrikatuko du ekainaren 27an

 

[M24] Presoen eskubideak agenda politikoan sartzeko konpromisoa hartu dute EAJ, EH Bildu, Irabazi eta Hemen Gaude-Sumandoko alkategaiek

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago