Potea hartzeko eskuan, koadernoa. Pintxoa eutsi ohi duten atzamarren artean, arkatza, boligrafoa edo margoak. Halaxe egiten dute Gasteizko 'dibupotea' hileko azken ostiraletan, marrazkizale arabarrak eta Iruñea, Bilbo, Elorrio zein Mirandatik iritsitako irudigileak elkartuta: profesionalak zein hasiberriak, diseinu eskolako ikasleak zein etxesaguak eta, oro har, aurretik elkar ezagutzen ez zuten mota askotako izpiritu sortzaileak.
Zutik, espaloian makurtuta, eskaileratan eserita edo aulki baten erosotasunean, merkatuko barazkiak, hezeguneko oreinak edo musika eskolako pianojoleak marrazten dituzte, ilustratzaile-ofizio eta afizioaren bakardadea etxean utzi eta taldearen berotasunean bat eginda, Arabako Ilustrapados taldeak antolatuta.
Arabatik kanpo elkar ezagutu zuten arabarren istorioa da Ilustrapados mugimenduarena. Behin eta berriz egin ohi zuten topo Valladolid, Iruñea eta Bilbo bezalako hirietako ilustrazio-kongresu, ikastaro eta jardunaldietan, baita Gasteizko Zuloa liburudendan ere, Euskadiko ilustratzaileen elkarteak eskainitako hitzaldietan. Nola ote zen posible hemen bertan haiek bezalako ilustrazio-zale amorratuak egotea, eta elkar ez ezagutzea?
Ezinegon horrek eta ilustrazioaren esparruan Araban antzemandako "hutsuneek" bultzatu zituzten elkarrengana hurbiltzera iazko udan, hemendik 239 kilometrora, Valladolideko ilustrazio jaialdi batean. Denek bat egin zuten deliberamenduan: beste ilustratzaile batzuekin topo egiteko, ordura arte Arabatik kanpo irten behar izan zuten, bertan ez baitzegoen marrazkizaleentzat topagunerik.
Gabezia horri bi azalpen posible bilatu zizkioten, Angel Maria Remirez de Ganuza 'ilustrapatua'ren hitzetan: "Ez bazegoen ezer, interesik ez zegoelako izan zitekeen; baina gerta zitekeen ere interesa egotea eta aitzitik, ordura arte inork elkargune bat sortzeko iniziatiba eduki ez izana". Bigarren hipotesia nahiago, eta lanari ekin zioten Ilustrapados izena aukeratuta, ilustrazioaren "harrapatu" batzuk direlako eta Gasteizen ere harrapatuta sentitzen zirelako.
Hasierako zirriborroetatik hiru helburu nagusi marraztu zituzten, Marta C. Dehesa amurrioarrak nabarmendu duenez: batetik, zaletasuna duten arabarrentzat topagune bat sortu nahi izan dute; bestetik, marrazteaz harago ilustrazioa zer den ezagutarazteko asmoa daukate; eta, azkenik, estatuaren iparraldean Gasteiz eta Araba ilustrazioaren erreferente bihurtu nahi dituzte ere.
Anbizio handiko xedeak esku artean, eta kontuan izanda bost lagunek gidatutako elkartea dela, diru-laguntzarik gabekoa, haien eskura zegoen lehenengo proiektua zirrimarratzen hasi ziren: 'dibupotea'. Ez dute kea asmatu, Angelek dioen moduan: Kuadernistak edo Urban Sketchers bezalako izenpean, hainbat dira beste hiri batzuetan marrazteko egiten diren ekimenak. Ordea, Gasteizko deialdiek izan duten erantzun ona harritu ditu, lehenengo egunean ia 40 zale bertaratu zirelako eta kopuruak gora egiten jarraitu duelako, "normalean mota honetako ekintzek sei-hamabi pertsona erakarri ohi dituztenean".
Toki esanguratsuak
Arrakastaren sekretuetako bat bilatu ohi duten "balio erantsia" izan daitekeela dio Marta C. Dehesak: "Beste hirietan ez bezala, Gasteizko dibupoteen funtsa ez da soilik taberna batean elkartu eta marrazkiak egitea". Potea osterako utzita, eta Gasteizko kronika ilustratzeko ideiari helduta, toki esanguratsuak bilatzen dituzte. Abendutik maiatzera egindako sei dibupoteetan zerrenda erakargarri bat osatu dute: Abastos merkatua, Luis Aranburu musika eskola, Arte eta Lanbide eskola, Montehermoso, Bibat museoa eta Ataria.
Bertan gertatzen dena iruditan kontatzen dute, edo propio dibupoterako antolatutako ekintzak ilustratzen dituzte, esaterako musika eskolako ikasleen interpretazioak eta ezpatarekin egindako tai chi erakustaldi bat, "Gasteizko beste talde eta artista batzuekin harremana sustatuz eta momentu biziak sortuz".
Hain justu, marrazkigileak bakarrik ez, beste kulturzale asko ere hurbiltzen da argazkiak egitera, kuxkuxeatzera eta, finean, "hor gertatzen ari den horretan modu batean edo bestean parte hartzera".
Elkar aberastuz
Taldeka aritzeak badu balio gehigarri bat, Marta C. Dehesak dioenez: "Ikuspegia zabaltzen duzu, ondoan daukazun lagunak seguraski oso modu ezberdinean antzeman eta adieraziko duelako aurrean duzuna; horrek gauzak beste era batera begiratzera laguntzen dizu; aldi berean, teknikari dagokionez ere gauza berriak ikasi ditzakezu aldamenean duzun pertsonarengandik".
Ekintza gehigarriak ere gauzatu dituzte, tartean formatu txikiko ikastaroren bat, esaterako De la croqueta al TaiChi izeneko bat. Fanzine azoka iheskorra eta autoedizio saio bat ere antolatu dituzte.
Udan, hausnarketarako tartea hartu nahi dute, dibupoteaz gain zer beste egitasmo abiatu erabakitzeko. Formakuntzan jarri nahiko lituzkete indarrak. Horrez gain, ilustrazioak daukan balioa ezagurazi nahiko lukete, Alexandre Fernandez kidearen hitzetan gizarteari zaila egiten zaiolako printzipioz beharrezkotzat ez duen zerbait baloratzea. Balioa ez emate horrek eragin praktiko asko ditu, Mikel Escalera proiektukideak zehaztu duenez, ilustratzaileen lana ordaintzeko orduan edo instituzioek arte horrekin lotutako ekintzak antolatzerakoan, esaterako.
Orain arteko ibilbidea ospatu eta jendaurrean proiektuaren aurkezpen ofiziala egiteko, 'dibuberbena' ospatuko dute ostiralean, Hor Dago tabernaren lorategian 20:00etatik aurrera. Hiru kontzertu, zozketak eta, nola ez, horma-irudi baten zuzeneko margoketa antolatu dituzte hitzordurako.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA