Zergatik sortu zenuten Sos Plaza plataforma?
Idoia Agirre: Azaroan sortu genuen, komunikabideen bidez proiektuaren berri izan genuenean. Diseinuarekin pozik ez geunden bizilagunak asko ginela konturatu, eta biltzeko erabakia hartu genuen. Lehenengo bileran 30 bizilagun inguru elkartu ginen!
Hasierako diseinu horretatik, zer ez zitzaizuen gustatzen?
I.A.: Iturria desagertzen zen, eta plazaren erdian hamar metro diametroko hornigailu bat jarri nahi zuten, latinezko idazkun batzuekin. Horrek espazio gehiegi okupatzen zuela iruditzen zitzaigun, eta gainera 150.000 euro balio zuen. Bestalde, gainazal lau bihurtu nahi zuten plaza, bertaraino iristeko eskailera batzuk jarrita, eta beraz jatorrizko topografia desagerrarazten zuten. Erdi Aroko giroa birsortzea zen Udalaren asmoa, baina bizilagunok espazio ireki bat behar genuen, Alde Zaharrean gutxi direlako zoru ibilgaitza ez duten eremu irekiak, edo hesitu gabe dauden parkeak. Beraz, obra egingo zelako poztu ginen, baina guk bizitzeko toki bat nahi genuen, ez Erdi Aroko agertoki bat. Eta lortu dugu.
Zenbat auzokidek parte hartu duzue?
Maika Diaz: 20 bat lagun, batez beste.
A.B.: Parte hartu dute ere bere haurtzaro osoa Alde Zaharrean pasa izan zuten gasteiztarrek; plazak haientzat zer nolako garrantzia izan zuen kontatu digute.
J.I.: Hala da. Toki honen memoria berreskuratzeko lan egin dugu, artxiboan argazki zaharrak bilatuz eta hemen hazitako bizilagunekin elkartuz.
A.B.: Lantaldean, gainera, gai honetako profesionalak izan ditugu, eta horri esker, gauza asko ikasi ditugu auzokideok.
M.D.: Gainera, Udalak serioago hartu gaitu, bere hizkuntza bera erabiltzeko gai izan garelako.
J.I.:Haiek baino lan gehiago egin dugu auzokideok plaza hau berritzeko! Beharrak, erabilerak eta nahiak aztertu eta, planoak eskuan, zirkulazioa, fluxuak eta ezaugarri bisualak landu ditugu ere.
Emaitzarekin pozik?
I.A.:Batez ere, prozesuarekin pozik. Hasierako proiektua geldiarazi eta proposamen berri bat abiatzeko gai izatea oso pozgarria izan da guretzat. Gero, plazaren lauzak eta akaberak aztertzen baditugu... tira, askotariko iritziak egongo dira!
A.B.:Arretaz entzun gaituzte, eta hori eskertu behar zaio aurreko udal gobernuko Leticia Comeron zinegotziari.
Auzokideen arteko harremanak sendotu dituzue?
M.D.:Noski. Aurretik ez genuen elkar ezagutzen.
I.A.:Eskolarekin ere lan egin dugu. Ume guztiek lanak bisitatu zituzten, eta gero, plano baten gainean, zer nolako plaza nahi zuten marraztu zuten, haiek ez baitute inoiz irekita ezagutu. Marrazki horiek larunbatean erakusgai egongo dira plazan. Bestalde, aste honetan hainbat zuhaitzak landatu dituzte.
Nola uste duzue aldatuko dela auzokideen bizitza?
A.B.:Elkargune bat izatea espero dugu; ondo pasatzeko tokia, baina bandalismorik gabekoa eta, beti ere, auzokideak errespetatuz erabiliko dena. Plaza bizia nahi dugu.
Larunbatean irekiera jaia
Egun osoan zehar: Nahiko luketen plaza adierazteko, Ramon Bajo eskolako umeek egin dituzten marrazkien erakusketa.
12:00etatik aurrera: AUzoKERA agertoki irekia, Zaharraz Harro egitarauaren baitan.
13:30: Txupinazoa, bertsoak, topa herrikoia eta Abesbatza Errepublikarra.
14:30: Bazkaria.
18:30: Piñata.
Egilea: Itsaso Estarrona
Gai honi lotutako albiste gehiago:
Ramon Bajo ikastetxeko ikasleek Santa Maria plazan zuhaitzak landatu dituzte
‘Zaharraz Harro, zirriz irri’ Alde Zaharreko jaiak ekainaren 28ra bitartean ospatuko dira
[ARGAZKIAK] Santa Maria plaza estaltzen duen kupula kentzen ari dira