Hori dela eta, “taupadaz taupada” gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatuko duen giza katearekin bat egin dute osasun eremuan lan egiten duten norbanakoek, Gasteizko Udaletxeko langile komiteak zein Arabako Gizarte Ongizate Institutuko langile batzordeak.
Gaur goizean egindako agerraldian, Patxi Bezares eta Isabel Montero eledunek “oinarrizko printzipioez” mintzo direla azaldu dute, “giza eskubideen errespetuaz”, alegia. “Gure lanbideak –jarraitu dute- besteak zaintzera eta inoiz ez min ematera behartzen gaituen moduan, uste dugu edozein instituzio, eta are gehiago espetxeak, bere tutoretzapean dauden pertsona guztien bizitzarako eskubidea babestera behartuak egon beharko luketela”.
Lanbidez osasunaren zainketara dedikatzen diren heinean, gasteiztar guztiak animatu nahi dituzte “elkartasunez beteriko bihotzak” dituzten milaka gasteiztar horiek larunbatean “inoiz baino indartsuago” taupa egin dezaten. “Helburu xume, justu eta duin batengatik: preso dauden pertsonen bihotzak taupa egiten jarrai dezaten”, gaineratu dute.
Hortaz, larunbat honetan, ekainak 27, eguerdiko 12.00etan Leizaola Plazatik Sarek antolaturiko preso gaixoen eskubideen aldeko giza katera batuko direla jakinarazi dute. “Gasteiztarrak garen aldetik, gure auzokide Jose Ramon Lopez de Abetxuko gogora ekarri nahi dugu, baita aske egon beharko luketen gainontzeko preso gaixoak ere”.
Albiste honi lotuta:
Giza kate batek preso gaixoen etxeratzea aldarrikatuko du ekainaren 27an