Hortxe dago, gainera, katedralaren bisitaren sarrera; Gasteizen gero eta ugariagoak diren turistentzat ohiko lekua. Eta imajinatzen ditut turista hauetako asko maldizioka, ganorazko argazkia atera ezinean: ingurua ederra bai, baina erdi-erdian “farola” erraldoiak daude, oihalezko belak dituztenak. Gainera oihal horiek zikin eta urraturik daude, paisaia are itsusiago bihurtuz. Penagarria Alde Zaharreko bazter zoragarri horretako hiri-diseinua: argia emateko elementuek ez lukete zertan estali hain zuzen ere argitu behar duten hori . Farola gehiegi, altuegi, itsusiegi, nabarmenegi.
Batzuetan antzekoa gertatzen da hitzaldi edo kontzertu batean: aurkezlea luzatzen da azalpenak ematen, eta minutuak pasatzen dira. Bertaratutakoak ez daude gustura, aurkezlea entzutera ez baitira joani. Berari ez dagokion protagonismoa hartzea akats larria du horrela jokatzen duen aurkezleak. Bada, Gasteizko bazter horretan antzekoa gertatzen da: argia emateko diren egituratzar horiek eraikuntza ederrak estali eta ingurua itsusitu egiten dute; eta sentsazio desatsegina sortzen zaigu.
Kaleko argien inguruan ari garelarik, “faroloia” aipatu behar da Gasteizen. Alde Zaharraren beste muturrean, Kutxitik atera eta Matxete Plazaren sarreran erreferentziazko lekua da, eta bertako farola handiak berak ematen dio izena eta nortasuna bazter atsegin horri. Baina berezko protagonismoa du faroloiak, ekosisteman egoki kokatua. Ez da artifiziala, katedralaren “farolak” edo dena delako horiek bezala.
Egilea: Josean Bueno