Horrela, Alvaro Iturritxa Ingurumen eta Hirigintza arloetako koordinatzaile nagusi izendatu zuten. Blanca Guinea, berriz, Alkatetzako zuzendari nagusia izango da. Biak aurreko korporazioko kide izan ziren. Iñaki Prusilla zinegotzia, azkenik, Tokiko Gobernu Batzarraren idazkaria izango da. Gasteizko Udaleko gobernu arloetako zuzendaritza organigramari dagokionez, oraingoz aurreko zuzendariek beren postuetan jarraituko dute. Aurreko udal gobernuko hiru koordinatzaile nagusiak, ordea, postutik kendu dituzte. Horrez gain, Gorka Urtaran alkate berria aste honetan talde politikoekin bilduko dela iragarri zuten, udal gobernuaren egonkortasuna bermatu dezaketen akordioak lotzeko asmoz.
Udalaren ekonomia eta aurrekontu egoeraren azterketa sakona egiteko agindua
Bestetik, gaur goizean iragarri duten moduan, Gasteizko alkate berriak udalaren ekonomia eta aurrekontu egoeraren azterketa sakona egiteko agindua eman du, “udal talde guztiek Udalaren ekonomia eta aurrekontu egoeraren berri izan dezaten”. Urtaran udal zuzendariekin egiten ari den bileren barruan, kontu-hartzaile nagusiari eta diruzainari adierazi zien ahalik eta azkarren jakin nahi duela zein den udal kontuen egoera, bai aurrekontua gauzatzeari dagokionez bai diru-sarrera eta zorpetze mailari dagokionez. Horretarako, txosten bat eskatu diela iragarri dute, gainerako taldeei berehala helarazteko.