Nik oraindik gogoratzen dut noiz izan zen azken aldia. Nire orduko eskolari buruzko zerbait agertzen zelako erosi nuela uste dut, orain dela sei urte edo. Bestela, sarean dauden bertsio digitalak irakurtzen ditut, eta horrela gai naiz hiru edo lau ikuspuntu desberdinen konparazioa egiteko.
Baina denbora pasa moduan egiten dut. Benetako berrien berri izan nahi badut, sare sozialetara noa, bereziki Twitterrera. Udala osatu zen larunbat horretan, esaterako, ez nintzen goiz osoan txoritxotik aldendu; jendeak azken berriak zuzenean bertan jartzen zituen, eta egunkarietan oraindik “Marotok jarraitzeko aukera asko ditu” esaten zuten bitartean, Twitterren bagenekien bozketa amaitua zela eta Urtaranek irabazi zuela. Politikoek esaten dituzten esaldi esanguratsuenak Twitter bitartez irakurtzen ditut, egunkarietako orrialdeetan murgiltzeko beharrik gabe. Gaur egun, azken berriak lehenengo sareetatik pasatzen dira, gero edizio elektronikora doaz eta, azkenik, paperean inprimatzen dira hurrengo egunerako, beranduegi askotan.
Ez dakit, ez, zenbat denbora geratzen zaien papereko egunkariei. Gaur egungo bizimoduan, berriak egunetik egunera berritzea ez da nahikoa, gu minutuero ezagutu nahi ditugu gauzak. Hori bai, zure burua egunkarian ikusten duzunean, edo inporta zaizun berria topatzen duzunean, egunkaritik orria moztea bezalako sentsaziorik ez dago. Edizio digitaletik inprimatzea baino askoz bereziagoa, nola ez.
Egilea: Ruth Ibañez