Gorka Urtaran izendatu dute Gasteizko alkate, EAJ eta PSEren arteko akordioa hautsi zen arren

hirinet 2015ko eka. 15a, 02:00

EAJko hautagaiak, Gorka Urtaranek, hartu zuen aginte makila iragan larunbatean. Ezkerreko alderdien babesari esker lortu zituen Urtaranek alkatetza lortzeko beharrezkoak ziren hamalau botoak. EH Bilduk, Hemen Gaude-k eta Irabazik babestu zuten jeltzalea.

Osoko bilkura 14.30ak aldera burutu zen eta ordurako, beste herrietako udalbatzak osatuak ziren. Hain zuzen ere, Andoainen gertatutakoak hankaz gora jarri zuen Gasteizko inbestidura. Ostiral arratsaldean, EAJk eta PSEk iragarri moduan, akordioa egina zuten udalbatza guztietan haien alderdietako zerrendarik bozkatuena babesteko. Andoainen, aldiz, ez zen bete eta EAJ taldeko independiente batek zuri bozkatu zuen EH Bilduri alkatetza ahalbidetuz. Gertaera horrek haserrea eragin zuen PSEko kideen artean eta Gasteizko udalbatza osatzeko denbora gutxi geratzen zenean Idoia Mendiak, PSEko buruak, aurreratu zuen Gasteizen ez zutela akordioa beteko eta beraz, boto zuria emango zutela.

 

Momentu horretan, Javier Marotok, PPko hautagaiak, berriro alkatea izateko aukera guztiak berreskuratu zituen, izan ere, Irabaziko zinegotzia den Oscar Fernandezek bere burua bozkatuko zuela aurreratu zuen udalbatza osatu aurretik. Berriz, PSEk zuri bozkatu behar zuela publiko egin zenean, Irabazik botoa aldatu eta Urtaran babestea erabaki zuen.

 

Horiek hala, Gorka Urtaranek lortu zuen gehiengoa -14 boto-, PPko zinegotziek Javier Maroto bozkatu zuten -9 boto- eta PSEk -4 zinegotzi- zuri bozkatu zuen.

 

Aginte makila jaso eta segituan egindako bere lehen hitzaldian, Urtaranek “guztiontzat” gobernatuko duela zin egin zuen, “baita PPri botoa eman dioten 35.000 pertsonentzat ere”. “Zuhurtziaz eta eskuzabaltasunez” lan egingo duela ziurtatu zuen.

 

Udalbatza osatzen zen bitartean, kalean, Marotoren jarraitzaileak elkarretaratu ziren batetik; eta, bestetik, honen kaleratzea ospatzera gerturatu ziren beste ehunka lagun. Tirabirak izan ziren bi talde hauen artean, baina ez zen liskarrik egon.

 

 

Osoko bilkura ospatu bitartean, hauxe izan zen kaleko giroa:

 

 

 

 

{youtube}xyM-jD1zWrc{/youtube}

 

 

{youtube}CuUb7yVKE4o{/youtube}

 

 

{youtube}9DpvPd9HlAY{/youtube}

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide