Iñigo Etxezarreta, ETS taldeko abeslaria: “Agertoki gainera igotzeko irrikan gaude”

hirinet 2015ko eka. 13a, 02:00

Beraiena da Arabako ikastolen aldeko festako kanta. Musika, En Tol Sarmientorena, eta hitzak, berriz, Ekorako Dani De Ayalarenak. Arabako Errioxako produktu peto-petoa da abestia.

Igandean, Mendizorrotzako gunean izango dira En Tol Sarmiento (ETS) musika taldekoak. Aurtengo Araba Euskarazeko kantaz eta esku artean dituzten gaiez egin dute berba datozen lerroetan.

 

 

 

ETSk abesten du aurten Araba Euskarazeko kanta. Zuentzat harro egoteko modukoa izango da, ezta?

Bai. Aurreko urtean gurekin harremanetan jarri ziren eta oso berri ona izan zen guretzat. Gogo handiz hartu genuen ardura eta denboraz konposatu genuen abestia. Gainera, gure zonaldeko ikastola batek antolatzen zuenez, abestian eskualdeko errealitatea islatzen saiatu ginen.

 

Piztuko dugu euskara. Arabako Errioxan are beharrezkoagoa da hori?

Aurrerapauso handiak eman dira azken urteotan, baina ez da nahikoa izan. Araba gehienean erronka handia daukagu esku artean eta pausuak eman behar dira gure hizkuntza pizteko. San Bizente ikastolako aurreko edizioaren leloa Hauspoari eraginez izan zen, eta oraingo honetan ildoa jarraitzea erabaki zen.

 

Inplikazio handiagoa behar da Errioxa aldean beste eskualde batzuetan baino? Ezinbestekoa iruditzen zaizue ikastolak, Oiongoa kasu, festa bultzatzea eta euskarazko ekimenak sustatzea?

ETS taldea Ekorakoa da baina ez gara bertan bizi. Arabako zein Errioxako herri ezberdinetakoak gara eta ez dugu euskaraz hitz egiten. Hala ere, taldeak euskaraz abestea erabaki zuen, zonaldean euskara bultzatzeko. Beste aldetik, inplikazio maila altuagoa eskatzen da zonaldeko trabak direla medio. Horren harrira, Oiongo San Bizente ikastolak, esaterako, lan handia egiten du euskararen normalizazioa lortze aldera.

 

Araba Euskarazeko kontzertu nagusietakoa izango da zuena. Dena emateko prest?

Noski. Arabako Errioxakoa izan arren, azken urteotan izugarrizko arrakasta lortu dugu Araban, eta, bereziki, Gasteizen. Hortaz, jende asko espero dugu. Gainera, eguneko jaia denez, kontzertua modu berezian biziko dugu. Gure aldetik argi daukagu taldearen alderik freskoena eta alaitsuena eskainiko dugula eta publikoaren aldetik, gauza bera espero dugu. Irrikan gaude!

 

Urteak daramatzazue musikan eta arrakasta ere lortu duzue. Nola egin duzue gazteekiko konexioa lortzeko?

Hamar urte pasa dira dagoeneko taldea sortu zenetik. Azken hiru urteotan Euskal Herri osora zabaltzea lortu dugu. Ez genuen inolaz espero horrenbeste jarraitzaile izatea. Ez dakigu zein den lortzeko formula, baina beti saiatu gara gustatzen zaizkigun erritmoak jotzen. Ez gara musikari oso adituak baina barneko emozioak transmititzeko ez dugu uste beharrezkoa denik.  

 

Uda dator. Kontzertuen garaia. Nola egiten diozue aurre garai honi? Ilusio handiz eta disko berrian lanean?

Hori da, uda badator eta horiekin batera kontzertuak. Pasa den urtea oso mugitua izan zen zuzenekoei begira, eta 2015ean, aldaketa txikia egongo da. Lan berria prestatzen gabiltza eta zuzeneko gutxiago eskainiko ditugu. Ilusio handiz ari gara lanean, zer edo zer desberdina prestatzeko. Espero dugu diskoa urte amaierarako kalean egotea.

 

 

Egilea: Armentia Ikastola. Arabako ALEAn argitaratua

Argazkia: ETS

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide