Swingak eta gastronomiak topo egingo dute Gasteizen ospatuko den ‘Route Sixty Swing’ jaialdian

hirinet 2015ko ira. 9a, 02:00

Irailaren 18tik 20ra bitartean ‘Route Sixty Swing’ jaialdia ospatuko da Gasteizen. Swing musika, lindy hop dantza, tailerrak, musika eta gastronomia izango dira jaialdiaren osagaiak eta modu honetan, beste behin ere Gasteizko txoko ezberdinetan 20. hamarkadaren amaieran sortu zen estiloari lotutako jarduera ugari topatuko ditugu.

 

Horrela, arlo honetan nazioarte mailan nabarmentzen diren hainbat musikari eta irakasle etorriko dira hirira.  New Yorkeko Professor Cunningham and his Old School  taldea, esaterako, jaialdiaren protagonista dugu eta larunbatean, hilak 19, 22.00etan kontzertua eskainiko du Artiumen. Egun horretan ere Zarzaparrilla talde bizkaitarra izango da. Kontzertu bietan maila guztietako dantzariek lindy hop-a praktikan jartzeko aukera ezin hobea topatuko dute.

Izan ere, jaialdia egun bat lehenago, ostiralean, hasiko da  Bodeguita Cubana Santa Claran eta bertan ere izango da Professor Cunningham artista.

Horrez gain, bestelako ekintzak ere izango dira swingaren jaialdi honetan. Larunbatean, 14.00etan, vermouth-a eta swinga uztartuko dira Los Amigos tabernan eta igandean, 15.00etan Gora Proyect tabernan Zarzaparrilla taldearen musikaz gozatzeko parada izango dute dantzariek zein bertaratzen direnek. Taberna bietan eskaintza gastronomiko berezia izango dute.

Azkenik, dantza hau hobeto ikasteko tartea ere egongo da eta besteak beste, Héctor & Sonia katalanek edo J.B. Mino eta Tatiana Udry frantsesek hainbat ikastaro eskainiko dituzte. Jarduera hauetan parte hartzeko izena eman behar da.

 

Informazio gehiago: www.sixtyswing.com

 

Honi lotutako albistea gehiago:

 

[ERREPORTAJEA] Swing sukarra

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago