Dani Zuazagoitia, Gasteiz Zero Zabor: "Herritarren konpromisoa behar dugu, baina baita azpiegitura egokiak ere"

hirinet 2015ko eka. 15a, 02:00

Hondakinen aferak kezkatuta, hainbat alorretako lagunak elkartu dira gaia gizarteratu eta agintariak beharrezko neurriak har ditzaten eskatzera; zarama ahalik eta gehien murriztea dute helburu.

Zaborraren auzia mahai gainean jartzea. Hori du helburu Gasteiz Zero Zabor taldeak. Udalerriko azterlan txiki bat egin ostean, kezkatzeko moduko datuak daudela azaldu dute, eta "lanean" jartzeko garaia dela. Ikasturte hasieran Gasteizko Kuadrillan abiatutako lana lurralde osora zabaldu nahi dute.

 

 

 

Zaborren gaiari eman diote Arabako agintariek behar zuen garrantzia?

Alboratuta izan dute gaia nahiz eta 2006-2016 hondakinen plan bat duten Aldundian eta Udalean ere. Ekintza eta helburu berdinak proposatzen dituzte biek baina ez da mugimendurik egon. Hauetan aurreikusten zen, besteak beste, bio-hondakinekin ateratako konpostarekin irtenbide zuzen bat geneukala zaborrarentzako, are gehiago Gasteiz eta inguruko herriek duten nekazal izaera kontuan hartuta. Eta errealitatea da plana amaitzear dagoela eta egoera bestelakoa dela.

 

Egin duzuen azterketan zer ondorio atera dituzue?

Udalaren webgunean bertan ikus daiteke datu esanguratsu bat: %23 birziklatzen dugu gaur egun Gasteizen. Iaz %24 izan zen, eta bitarte horretan mantendu da azkeneko sei urteetan. Beste udalerri batzuekin alderatuta, osobaxua da. Ezkorra da diagnosia eta jakin nahi izan dugu zein den hiriburuan dagoen giroa; horretarako hainbat hitzaldi antolatu ditugu auzo desberdinetan eta ikusi dugu jendeak baduela interesa gaiarekin baina ezjakintasuna handia dela. Datu gutxi ditugu eta, gainera, desitxuratuta.

 

Informazio argia falta da?

Gasteizen green washing (garbiketa berdea) delakoa bizi izan dugu eta eragin nabarmena izan du, ez udalaren aldetik bakarrik, baita hedabideen aldetik ere. Interneten bilaketa sinple bat egiten baduzu hainbat informazio eta datu topatuko dituzu baina benetako datuak eskaintzen ez dutenak; birziklatutako paper kopuruaren inguruko albisteak, esate baterako, baina beste udalerriekin alderatu gabe, alegia datu hori esanguratsua den ala ez jakin gabe.

 

Lurraldean badira konpostaje esperientzia interesgarriak...

Badira esperientzia txikiak, batzuk Aldundiak bultzatu dituenak eta beste batzuk, handienak, tokian tokiko udaletxeek bultzatutakoak. Adibide adierazgarriena Burgukoa da; aspalditik egin dute konposta eta erakusten du hasieratik gogoz eta ganoraz heltzen bazaio hondakinen %40 erditik kendu dezakegula. Izan ere, gogoratu behar dugu sortzen dugun zakar poltsa batetik heren bat beira, ontzi eta paperak betetzen dutela, beste heren bat bio-hondakinek eta %35 inguru errefusak, birziklatu ezin dena. 

 

Etxean selektiboki banatu ez dena berreskuratu daiteke?

Hein batean bai, baina ez dena. Hemendik aurrera  Jundizen kokatzen den biokonpost tratamendu mekaniko-biologikoen plantatik igaro beharko da zarama Gardelegira bota aurretik. Halere, zati bat bakarrik berreskuratzen da eta bioegonkortutako materia sortzen da, hondakin organikoetatik abiatuta; hau ez da konposta eta ondorioz ezin da modu horretan erabili, nekazal lurretarako adibidez. Positiboa da Jundizeko tratamendu planta horretatik pasatzea, baina hobetzeko aukerarik baldin badago konpostarekin izango da, ez bestela.

 

Birziklatu nahi duenak baditu beharrezko azpiegiturak?

Ez, aukera hori ari gatzaio ukatzen jende askori. Alde zaharrean eta erdigunean, esate baterako, ez dago aukerarik organikoa batzeko eta beste auzoetan zailtasunak daude; neumatikoa dagoen auzoetan, esaterako,  organikoa batzeko aukera dagoen tokietan, errefusa batzen duen hodi beretik egiten dute bidea eta maiz kutsatu egiten da organikoa. Honekin ez dugu jendea desanimatu nahi, baina argi dagoena da eraiki ditugun azpiegitura erraldoi hauek ez dutela Europak eta Jaurlaritzak jarri dituzten helburuak betetzeko maila nahikoa bermatzen. Gogoratu, Europak 2020rako material birziklagarrien %50 birziklatu behar dela ezarri du eta Jaurlaritzak %70. Maila horietara heltzeko biztanleen konpromisoa behar dugu, baina baita honi erantzuten dioten azpiegiturak ere.

 

Zein da birziklatzeko modurik egokiena?

Hainbat sistema daude munduan zehar eta horiek mahai gainean jarri nahi ditugu. Debate horiekin hasteko hainbat hitzaldi izango dira; hurrengoa astelehenean izango da, Oihanederren, 19:00etan.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago