Zerbaitengatik aukeratu dute bonbilla bat aurtengo logoa janzteko: euskararen argia pizterakoan, ordurarte itzalpean zegoena ikusi dezakeelako begiradak. Mezu hori zabalduko du Oiongo San Bizente ikastolak, Piztu euskara lelopean iganderako Gasteizen antolatu duen Araba Euskaraz festan.
Pasa den urtean Lapuebla de Labarcan ospatu eta gero, hiriburura mugitu dute aurten ikastolen jaia, berriro ere Arabako Errioxan ez egitearren, eta haraino gerturatu ohi dena baino jende gehiago erakartzeko asmoz. Hortaz, Pradotik Armentiara bitarteko pasealekuaren inguruak piztuko ditu euskararen txinpartak ekainaren 14an, bederatzi urtez hiria zapaldu gabe igaro eta gero.
35. edizio honetan lortutako diruarekin, Oiongo ikastolako informatika gela hobetu eta eraikinaren leihoak berritu nahi dituzte; horrez gain, jantokiko erreforma ere bukatu nahi dute, arazo ekonomikoengatik amaitu gabe daukaten obra delako.
Ahalik eta euskaltzale gehien erakartzeko asmoz, askotariko eskaintza prestatu dute 10.00etatik 19.30ak bitartean, lau gunetan antolatuta: Prado parkea, Mendizorrotzako atletismo pistak, Minerala iturriaren ingurua eta Armentiako zelaiak.
Erronka: gazteak
Euskara normalizatzeko bidean gazteak erronka direlako, gazteen Erronka izango da aurtengo nobedadea; alegia, 13 eta 16 urte bitarteko ikasleek taldeka gainditu behar duten proba sorta, besteak beste orientazio jolasa, gurutzegrama eta mahats zapalketa.
Cervantes pasealekuan hasi eta Prudentzio etorbideraino igoko den ibilbidean, beste hainbat pizgarri ere egongo dira, hala nola haur ikuskizunak, pilota neurketak, euskal produktuak, artisauak eta kontzertuak, tartean Arabako Errioxako En Tol Sarmientoren emanaldia, haiek egin baitute aurtengo doinua, zirkuito osoan zehar milaka euskaltzaleren ahotan kanta-marmarrean ibiliko dena: "Ikastolatik kalera, bihotzetik mingainera, hauspoari eraginda, piztuko dugu euskara".
Su txikien itsasoa
Eduardo Galeano idazle urugaiarrak kontatu zuen, munduan badaudela su handiak eta su txikiak; badaudela ez piztu ez erre egiten ez duten suak, baina badaudela ere bizitza gogo handiz erretzen dutenak; hain gogotsu, ezen ezin baitzaie begiak kliskatu gabe begiratu, eta, gerturatzen zaiena, erretzen da. Halako zortzi su txiki bildu ziren Oionen, 70. hamarkadaren amaieran.
Guraso-kooperatiba sortu zuten 1978an bere seme-alabek euskaraz ikasi ahal zezaten, Aguraingo Jose Mari Rekarte euskaltzalearen laguntzarekin. Berak eskatzen zion herriko apaizari urteko bataioen zerrenda, ondoren familiekin harremanetan jarri eta San Bizente ikastola ikaslez betetzen joan ahal izateko.
Gogorrak izan ziren hastapenak, euskara erabat galduta zegoen eskualdean. Lehenengo andereñoaren soldata ordaintzeko, familiek jarri behar izan zuten dirua. Udalari biltegi bezala erabiltzen zuen eskola zaharreko gela bat eskatu, eta hantxe hasi ziren lehen zortzi umeak ikasten, eraikin berean kokatuta zegoen auzitegiko epailearekin komuna elkarbanatuz.
Lau Araba Euskaraz –aurtengoa, bosgarrena–, 37 urte eta lan handia egin ondoren, su txiki sakabanatu horietatik su txikien itsaso zabala jaio da: 35 langilek, 160 familiaz osatutako guraso-kooperatibak eta 250 ikaslek pizten dute egunero sugarra.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA
Argazkiak: Itsaso Estarrona eta Laura Saenz Muro
Albiste honi lotuta:
Igandean Gasteizen ospatuko den Araba Euskaraz 2015eko egitaraua eta ibilbidea
[ZINTA] 'Araba Euskaraz', Itsasegiaren zinta
Oiongo ikastolak antolatuko duen Araba Euskaraz 2015 Gasteizen ospatuko da ekainaren 14an