Atzo, besteak beste, Patxi Lazcoz Gasteizko alkate ohiak (PSE), Amparo Las Heras eta Iñaki Iriondo kazetariek, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak eta Gora Gasteiz plataformak bat egin zuten eskari bertsuarekin.
Idazkia sinatzen duten ideologia eta ekintza profesional desberdineko herritar talde honek “harridura” adierazi du Marotok berriki hartu duen arrazakeriaren kontrako “konpromiso etikoaren” aurrean. “Bere adierazpenetan konpromiso etikoa aipatzen badu ere, gaur egun kameleoi moduko eraldaketa horri ezin diogu inolako sinesgarritasunik eman”, azpimarratu dute.
Zentzu honetan, PPko hautagaiak sinesgarritasunik ez duela uste dute sinatzaileek, izan ere, Gasteizko alkatea izendatzeko “egun gutxi falta direnean” eta Marotoren hautagaitzaren kontra gero eta ahots gehiago daudenean” egin da. Halaber, orain “gaitzesten” dituen argudioak kanpaina osoan zehar erabili izana leporatu diote. Hauteskunde gauean ere, bere alderdiak antolatutako festan, etorkinen eta diru laguntzen aferan "atzera pausurik" emateko ez zegoela prest berretsi zuela gogora ekarri dute.
Azkenik, aurkeztutako “konpromiso etikoa” eta Ayudas Mas Justas delako ekimenak bultzatutako DBEren erreforma bateragarriak ez direla deritzo herritar talde honek. ”Ekimen hori alkateak berak gogotik sustatu eta babestu zuen” eta aurrera aterako balitz, kanpotik etorritako pertsona askoren gizarteratzea “kolokan” jarriko lukeela ohartarazten dute.
Hala, “beste indar politikoekiko balizko hitzarmenak” erraztea helburu duten “alkatearen azpijokoak” onartezinak direla azpimarratu dute. Adierazpena sinatzen dutenek honako eskaria egin dute: “elkarbizitzarako eta hirian bizi diren pertsona guztien gizarte eskubideak errespetatzeko ituna egin dezatela oposizioko alderdiek eta galaraz diezaietela PPri gobernuan berriz jardutea”.
Honi lotutako albiste gehiago:
Arrazakeriaren aurkako “konpromiso etikoa” hartu du Javier Marotok
Aretoa lepo, Maroto alkatetzatik kentzeko akordioa eskatu du Gora Gasteizek
Maroto alkate ez izateko alderdien arteko akordioa eskatzen duen sinadura bilketa martxan jarri dute