Kontua da hipermerkatu horrek –beste askok ez bezala– errespetua eta ardura erakutsi izan duela bezero euskaldunganako, neurri batean behintzat, eta begiz behinik-behin behar duen tokia eman diola euskarari, txarteletan eta megafonia, adibidez. Baina harreman pertsonalen arloan, tamalez, huts egin izan dute.
E-mail bat bidali nien lehengoan, Kataluniako Plataforma per la Llengua elkartekoek argitara eman duten txosten bat irakurri ostean berotuta: egindako ahalegina eskertzearekin batera, horretan gelditzea frustagarria izan daitekeela ohartarazi nien, eta aurrera egitera animatu. Ez da ezer kostatzen; denda, saltoki, enpresa gehienek dute gaur egun bezeroen kexak eta iradokizunak hartzeko arreta-zerbitzu bat. Eta ez dugu behar beste baliatzen. Batzuei frankotiratzaile bakan batzuen ahalegin antzua iruditzen zaie, baina ez nago ados iritzi horrekin. Itsutu gabe praktikatuz gero, oso ariketa demokratiko eta osasungarria da; emaitza politak eman ditzake eta efektu biderkatzaile interesgarri baterako bidea izan daiteke.
Gaur jaso dut erantzuna:
Kaixo Martin;
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizugu bezero gisa gugan jarritako konfidantzarengatik eta zure iradokizuna helarazteagatik.
Zuk esan bezala, dendako informazio gehiena elebiduna da dagoeneko eta komunikazio arloan ere informazio guztia bi hizkuntzetan ematen saiatzen gara. Gainera, euskararen erabilera geroz eta gehiago hedatzen saiatzen ari gara enpresaren arlo guztietara, dendetako langileak barne.
Zentzu honetan, baieztatu nahi dizugu San Prudentzio kaleko XX berrian langile elebidunak egongo direla eta, gainera, hauek identifikatzeko plakatxoak eramango dituztela beraien jantzietan.
Edozein kasutan, Giza Baliabideen arlora bideratu dugu zure proposamena, beste begiratu bat eman diezaioten gai honi eta dendetan euskararekiko jarrera bultzatzen saia daitezen.
Bukatzeko, berriro ere gure eskerrik beroena zure iradokizun mezua bidaltzeagatik, izan ere, gure zerbitzua hobetzen laguntzen baitigute gure bezeroen mezu guztiek.
Agur bero bat,
Milesker zure arretagatik.
XXXXXX - Bezeroaren Arretarako Departamentua
Ea egia den…
Egilea: Martin Rezola