Javier Torre, UAGA-ko lehendakaria: “Nekazaritzak sail propioa behar du Eusko Jaurlaritzan”

hirinet 2015ko eka. 10a, 02:00

Nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak azken urteetan "indarra" galdu duela uste du Javier Torre UAGA sindikatuko lehendakari berriak eta euren aldarrikapenak "ozen" entzun daitezen lan egingo duela agindu du.

Bi hilabeteko geldialdiaren ostean, zuzendaritza hartzeko hautagai zerrendarik ez zegoelako, joan den ostiralean aukeratu zuten UAGA Arabako nekazari eta abeltzainen sindikatuko lantalde berria, Juan Torre buru (Quintanilla de la Ribera, Añana, 1971). Bazkide eta erakundeekin lehendabiziko bilerak izan ostean hasiko da datozen urteetarako lan ildoak finkatzen; besteak beste, langileek egin behar duten burokrazia "astuna" arintzea eta sektoreak bizi duen "ahulezia" indartzea du helburu.

 

Nolatan erabaki zenuen sindikatuko lehendakaritzarako aurkeztea?

Ikusten ari ginen sindikatua maldan behera ari zela, galtzen ari ginela eta erabaki bat hartu beharra zegoela. Lagun talde bat elkartu eta aurkeztea pentsatu genuen. Niri lehendakaritza proposatu zidaten aurretik hainbat alorretan esperientzia nuelako, besteak beste, erremolatxaren batzordeko buru modura. Gure asmoa jendea batzea da eta sindikatua indartzea; etorkizuneko lan ildoak zehazten ari gara.

 

Buruan dituzu zeintzuk izan daitezkeen ildo nagusi horiek?

Lehenik eta behin jendea entzun nahi dugu. Mundu guztiarekin egon nahi dugu, Jaurlaritzarekin, Diputazioarekin, bazkideekin... eta hortik aurrera hasiko gara ildo zehatzak ezartzen. Arazoak ugari dira, azken urteetakoak horietako asko, eta horiei aurre egin nahi diegu, noski, baina hori baino lehen entzutea izango da nire eginkizuna.

 

Azken urteetan sektoreak indarra galdu duela uste duzu?

Nabarmen, gainera. Udal hauteskundeak pasa berri ditugu eta uste dut ez diodala politikari bati ere entzun landa eremuari buruz hizketan, nekazaritzaren inguruko proposamenekin behintzat. Herrietaz hitz egin dute, bertako zabor banaketaz, herrien arteko garraioaz, baina nekazaritzari buruzko neurri zehatzik bat bera ere. Hori ez bada indarra galtzea! Garai bateko hauteskundeetan beti etortzen ziren herrietara ureztatze kontuekin, hiltegiekin... Ez gara sektore estrategikoa Frantzian izan daitekeen moduan.

 

Eta zer neurri hartu daiteke indar hori berreskuratzeko?

Lehenik eta behin saiatuko gara Jaurlaritzarekin biltzen, gure sektoreak sail propioa behar duela eskatzeko. Ingurumen sailean dute Nekazaritza gaur egun eta ez zaigu batere eraginkorra iruditzen.

 

Burokraziak nekazari eta abeltzainen lana moteltzen duela ere aipatu duzu.

Izugarri. Hori ere lehentasunen artean jarri nahi dugu. Ez da erraza izango hori murriztea, baina saiatu nahi dugu. Moteldu eta gogaitu egiten gaitu burokrazia guztiak.  Ni neu zortzi ordu egon nintzen aurreko batean nekazaritza laguntzen inguruko paperak betetzen, eta beste hiru ordu hurrengo egunetan. Argi dugu denok hamaika mila paper beharrezkoak direla gaur egun, baina baita hori arindu behar dela ere. Nekazari askok aholkularitza bat dute; ados, enpresa bat gara gu ere, baina ez idazkari bat izateko moduko enpresak, ez tamaina hortakoak. Diputazioak berak denbora eta indar asko galtzen du diru-laguntzen kontuekin, eta horretan kateatuta daudenez ezin diete beste behar batzuei erantzun.

 

Arabako Aldundiko gobernu berriarekin bilduko zarete laster. Zer mezu plazaratu behar diozue?

Kontuan har gaitzaten nahi dugu,  nekazal eremuetan egiten dituzten egitasmo guztietarako, eta prest izango gara elkarlanerako. Hala ez bada, aurrez aurre izango gaituzte.

 

Lehentasunik baduzue, eskatzeko?

Ureztatze lan batzuk premiazkoak dira. Zenbat milioi xahutu dituzte Noryeste putzua egiteko eta oraindik ureztatze modurik gabe egoteko? Ezin daiteke halako inbertsioa egin  eta gero metro kubiko bakoitzeko dirutza ordaindu ezinik ibili behar izatea. Ezin da putzu bat egin eta ondoren pentsatu nola bete. Euri ugari egiten du Araban, Andaluzian baino dexente gehiago esaterako, eta han dituzten ureztatze aukerak ez izatea oso arraroa da. Azkeneko uholdeetan ibaiek egun batez eraman zuten ur emariarekin nekazari guztiek ureztatu genitzakeen gure lurrak eta sobera izan. Gai horrekin presionatzen jarraitu behar dugu.

 

Uholdeek kaltetutako landa eremuekin ere hainbat kexa egin ditu UAGAk.

Bai, eta berriz ere URA agentziakoekin bildu beharko dugu gure kezka azaltzeko. Egun batean 200 litro egiten dituenean uholdea egotea normala da, baina hilabete batean hori bera egiten duenean ez da normala uholdeak izatea. Ezin dute urtegia %90era beteta dagoenean askatu; prebisio gehiago behar da. Eta ibaiak garbiagoa egon behar dira, dudarik gabe.

Nekazari eta ingurumen teknikarien arteko talka izaten da gai horrekin.

Ingurumen teknikariak ia ukiezinak dira. Edozein garbiketa egin ahal izateko sei hilabete itxoin behar dituzu baimena jasotzeko, eta ezin dugu erreka bat garbitzeko hainbeste denbora zain egon. Garai batean, auzolanean egiten ziren garbiketa horiek eta kontrakoa dirudien arren, ordukoek ere bazekiten zerbait kontu honetaz. Ez dugu esaten zeharo garbitu behar direnik, inolaz ere, baina sastraka ziztrin bat kentzea ere ezinezkoa da gaur egun.

 

Arabako Errioxako sor-marka propioa izateko ekinbideak ere aurrerantzean zeresana emango duela dirudi.

Bai, hizketagai nagusietako bat izango da, baina erabaki bat hartu aurretik zonaldeko nekazari eta ardogileekin biltzea gustatuko litzaidake. Antza denez, bertako herritarrek sor marka propioa izan beharrean Errioxako markaren barruan Arabako Errioxakoa nabarmentzea nahi dute, etiketaren aurrean hori nabarmentzea. Laster jakinaraziko dugu ardogileek ere dituzten kezka guztiak.

 

Deigarria da zure lantaldean emakumerik ez egotea.

Egia esan, hogei eguneko tartean osatu dugu gure lantaldea eta ezin izan dugu emakumerik konbentzitu. Beharbada ez da lehentasuna izan, egia da. Matxismo arrazoiren bat izan daitekeela esan dezake baten batek baina uste dut sindikatua gai honetan eredu dela: gerentea emakumea da, azken aurreko lehendakaria emakumea izan zen...

 

Parte hartzeak behera egin al du?

Bai, asko. Baina sindikatuaren politikagatik baino nekazaritza politikagatik dela esango nuke. Gaur egun denbora da gakoetako bat, nekazariek gero eta gutxiago dutena; lehen pertsona bakoitzak 30-50 bat hektarea zituen, hori zen Arabako ustiategi normal bat, eta gaur egun 120 hektarea baino gutxiago dituenik ez dago. Aldatzen ari gara, baina ez guregatik, Europatik datozen aginduengatik baizik. Errentagarritasun berbera izateko gehiago produzitu behar da, bizirauteko, ez aberasteko. Zailagoa da gaur egun diru aurrezki batzuk izatea egoera larriagoak bizi ditugunean aurre egin ahal izateko. Birmoldaketa prozesu betean gaude, eta egoera arriskutsua da. Ureztatze baratzeek gaur egun alternatiba gehiago ematen dituzte, ez dira hainbeste hektarea behar, baina, aldiz, lan handiagoa ematen dute eta, beraz, etekina ez da hainbestekoa. Horregatik guztiagatik, lan gehiago dugu orain, aisirako tarte gutxiago, lehia gehiago gure artean eta sindikatuko parte hartzea ere makaldu da.

 

Horri buelta emateko aukerarik badago?

Gure eginbeharra izango da berriz jendea sindikatura erakartzea, euren etxea balitz bezala identifikatzea, elkarrizketa gunea izatea, zonaldeko bilera batzordeetan parte hartzea. Nola egiten den? Ez daukat makiltxo magikorik, poliki-poliki, bilera ugari eginez, jendea motibatzen, arazoei konponbidea ematen...

 

1.500 bazkide inguru. Gazterik ba al da?

Antzematen da belaunaldi aldaketa posible izango dela, bai. Egia da, halere, horietako gehienak bazkideen seme-alabak edo ilobak direla. Gaur egun, loturarik ez bada, oso zaila da abeltzain edo nekazari moduan hastea.

 

Nola bateratuko dituzu sindikatuko lanak eta nekazaritzakoak?

Aurten erremolatxa utzi dut, denbora batez, eta hein handi batean, horri esker posible dut sindikatuko lana. Ezinezkoa da, goizeko lauretan ureztatzen egotea eta goizean sindikatura joan behar izatea.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago