Zaborraren sorginkeria

hirinet 2015ko eka. 8a, 02:00

Hondakinak berpiztea: hori da konpostatzearen magia. Eskolan, herriko plazan zein etxean, gero eta gehiago dira Araban zarama organikoa ongarri bilakatzen duten proiektuak.

Frigorifikoan usteltzear dagoen limoi horrek bi aukera ditu: Gardelegiko zabortegian lurperatu daiteke, ala datorren udan jango duzun letxuga osasuntsu hazteko erabili. Desagertu arte zimurtu daiteke, ala balkoiko geranioak izurrietatik babesteko baliatu. Hori da konpostatzearen xarma: etxeko zakarrontziko hondakinen %40 inguru ongarri bilakatzeko gaitasuna dauka.

 

Magia dirudi, baina oso lurtarrak dira ondorioak, Hodei Del Olmo Burgeluko ingurumen teknikariak azaldu duenez: konpostatzen diren hondakin horiek ez doaz zabortegira eta, beraz, CO2 gas gutxiago isurtzen da; horrez gain, zabor hori erditik kentzea eragingo lituzkeen gastuak aurrezten dira; eta, bestalde, lurra eta landareen osasunerako ona den produktua lortzen da, ongarri kimikoen erabilera murriztuz.

 

Onura horiez jabetuta, Araban lehena eta Euskadi mailan ere lehenetarikoa izan zen Burgeluko Udala konpostatze proiektu bat abiatzen. Izan ere, 2000ko hamarkadan hiritar asko joan ziren txaletetan bizitzera, eta gehienek jarri zituzten lorategiaren inguruan zuhaixkaz osatutako hesiak; heskaiak, hain zuzen. "Zer gertatu zen? Herriko zabor edukiontziak belarrez eta inausketa hondarrez bete zirela", Hodei Del Olmok zehaztu duenez. Alkateak azkar hartu zuen otsoa belarrietatik, eta 2006an konpostatze proiektua abiatu zuen: herritarrei ikastaroak eskaini, konpostagailuak oparitu eta auzo-konpostagailuak jarri zituen udalerriko herrietan.

 

Emaitza ez da nolanahikoa izan:  berrogei familiek konpostatzen dute euren etxeetan, eta konpromiso hori saritzeko, %80ko deskontua eskaintzen die Burgeluko Udalak zaborraren tasan. Izan ere, Udalak zuzenean ez, baina Aguraingo Kuadrillak dirua aurrezten du Gardelegira eraman behar ez duen zabor tona bakoitzagatik. Burgeluko teknikarien kalkuluen arabera, lau pertsonako familia batek urtean 346 kilo zabor konpostatzen ditu eta, bataz beste, herritar bakoitzeko 0,20 kilo zabor gutxiago sortzen du herriak.

 

Zaborra, lorategian

Etxean konpostatzen duen bizilagun horietako bat da Belen Ortiz de Zarate: "Hasi nintzenean, nire nebek uste zuten burutik jota nengoela; zaborra zure etxean gordeko duzula? Zu bai zoroa!, esaten zidaten; orain, haiek ere konpostatzen dute". Lorategian bi konpostagailu ditu Belenek, eta bere barazkiak eta loreak indartsu hazteko erabiltzen du lortutako ongarria. "Hasiera batean, bizilagunek uste zuten usain txarra hartuko zutela konpostagailuek, baina ez da hala izan; gainera, inguruan oso usain ona duen landarea jarri dut, atxaparra".

 

Badaezpada, ez du dena etxean konpostatzen. Animaliak gerturatu daitezkeen beldur, haragi eta arrain hondarrak herriko konpostagailuetara eramaten ditu. Berak bezala, beste bizpahiru familiek botatzen dituzte udalerriko konpostatze puntuetan sukaldeko, baratzeko eta lorategiko hondakinak. Ondoren, Udala arduratzen da konposta lortzeko prozesuaz, eta lortutako ongarri hori bizilagunek eurek baliatzen dute, baita Udalak ere, Burgelun dagoen Biolortu baratza didaktikoan, esaterako. "Badugu gainera oilotegi bat, eta bertara ere eraman ditzakete herritarrek sukaldeko hondakinak, oiloek eurek materia hori nahastu eta konposta egiteko prozesuan parte hartzen dutelako", nabarmendu du ingurumen teknikariak.

 

Ongarri kimikoak, "iragana"

Etxean animaliak zituenean, haien simaurra erabiltzen zuen Juan Carlos Isasmendik Ozetako bere baratzean. Ondoren, animaliak izateari utzi eta ongarri kimikoak erosten hasi zen, baina jaten zituzten barazkiak hazteko "produktu garbiagoa" nahi zuten, eta zizare-ongarriaren aldeko apustua egin zuten gero. Orain, 2013ko neguan Ozetan jarritako auzo-konpostagailuei esker, sukaldeko hondakinetatik sortutako ongarria erabiltzen du baratzean eta, beraz, neurri batean bere sukaldera itzultzen da hasiera batean baliorik gabeko zaborra zena. "Kimikoak iragana dira, gure ortuan gutxienez" dio harro. Astean bitan eramaten du materia organikoa herriko konpostagailura, eta laster estreinatuko du etxean konpostatzeko duela gutxi Udalak oparitutako gailua.

 

Guztira, 13 familiek eramaten dituzte bere hondakin organikoak Ozetako auzo-konpostagailura, Jaime Ortiz de Urbina Barrundiako ingurumen teknikariak zehaztu duen moduan. Horri esker, udazkeneko bilketan 147 kilo konpost lortu zituzten, eta modu horretan 441 kilo  zabor gutxiago eraman zuten Gardelegira –100 kilo zaborretik 30 kilo konpost lortu daitezke gutxi gora behera, teknikaren arabera–. Konpostatutako zabor hori Gardelegira ez eramateak, zifretan, hauxe suposatu du: 20,3 kilo CO2 gutxiago, zabor bilketan 13 euro gutxiago eta Gardelegiko tasan 20 euroko aurrezpena. Hori, kontuan hartu gabe bere etxean konpostatzen duten herritarren eragina, Ortiz de Urbinak nabarmendu duenez "familien %15-30ek konpostatzen duelako, hau da, 70-100 etxe inguruk".

 

Ibaiondon, hezkuntza tresna

Hezkuntza komunitatean, Gasteizko Ibaiondo eskola aitzindaria izan da konpostatzearen aldeko apustuan, duela zazpi urte sortutako baratza ekologikoari lotuta. Txandaka, sukaldeko hondakinak eramaten dituzte ikasleek eskolako konpostagailura.

 

 

Berezitasun bat dauka eurenak: zaborra modu egokian kudeatzeaz harago doan egitasmoa da. Izan ere, garapen jasangarriaren baloreetan hezteko tresna da, bai ikasleentzat, bai gurasoentzat baita irakasleentzat ere; horrez gain, familien artean elikadura eredu osasuntsua sustatzen laguntzen du, eta ikasgelan hezkuntza-tresna gisa balio du, zientziaren alorrean, esaterako.

 

Mari Paz Ormazabal irakasleak azaldu duenez, hainbat indargune ditu esperientziak: "Eskola osoak parte hartzen du, naturarekin harreman zuzena sustatzen du eta arlo zientifikoarekin lotura hertsia dauka, ahaztu gabe hori guztia eskolako kurrikulumean txertatua dagoela".

 

Erreportaje honetarako bereziki prestatu duten idazlana abiapuntu, ikasleek harro azaldu diote aleari  esku artean duten proiektua eta ortuarekin lotuta egiten dituzten esperimentuak. Egitasmoaren berri jasotzen duen blog bat ere badute eskolan (ibaiondobaratza.blogspot.com.es), eta bi sari jaso dituzte: hezkuntzan berriztapen proiektuak saritzeko Eusko Jaurlaritzak banatzen duen Karmele Alzueta saria, ortuagatik, eta Nazio Batuek praktika onak narbarmentzeko banatzen duten Dubaiko Nazioarteko saria, konpostaren aldeko apustuagatik. Izenburu borobila jarri nahi izan zioten aurkeztutako proiektuari: "Gure zaborra, gure altxorra".

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago