Aldabe Gizarte etxeko areto nagusia lepo, agerraldi jendetsua burutu du norbanako, kolektiko eta elkarteek osatzen duten Gora Gasteizek. “Interes alderdikoien gainetik, arduraz eta egoerak eskatzen duen eskuzabaltasunez" jokatzeko eskatu diete ordezkaritza lortu duten taldeei.
Zentzu honetan, hauteskundeetako emaitzek herritarren gehiengoak PP ez gainerako alderdiei eman ziola botoa agerian utzi zutela uste dute, “PPren diskurtso arrazista, xenofono eta su-emaileari bizkarra emanez”.
Horregatik, "adierazpenetatik konpromisoetara eta konpromisoetatik ekintzetara" pasatzeko garaia dela azaldu dute, eta Gasteizko Udaleko hurrengo alkateak "alderdiaren interes" aurrean herritarren "ongizatea" jarriko duen pertsona bat izan dadin eskatu dute.
Gazteak ere “arrazakeria instituzionalaren kontra”
Gasteizko hainbat gazte eragilek ere agerraldia egin du gaur goizean “instituzioetatik bultzatzen den arrazakeria salatzeko eta berriro eman ez dadin bermeak ezarri daitezen”. Ordezkaritza lortu duten EH Bildu, EAJ, PSE, Hemen Gaude eta Irabazi alderdi politikoei “erantzukizunez jokatzeko” eskatu diete.
Prensta aurrean azaldu duten moduan, “gazteok badaukagu zer esana, urte batzuen buruan gu geu izango baikara hiri honetan bizitzen jarraituko dugunak eta horrexegatik, oraina aldatzeko hautua egin dugu”. “Marotok eta PPk bilatzen duten kolorerik gabeko hiri hori” ez dutela nahi adierazi dute gazteek. Hala, eskubide guztiak “guztiontzat” bermatzen dituen hiri bat aldarrikatu dute.
Aurreko legealdian eta kanpaina bitartean “hain larritzat jotzen ziren diskurtso eta praktika arrazisten aurka posizionatzeaz gain”, gazteek konpromiso garaia dela deritzote. Hori dela eta, Maroto alkate ez izateko dauzkaten “aukera guztiak agortzea” ezinbestekotzat jo dute.
Adierazpen honekin bat egin duten gazte eragileak ondorengoak izan dira: Podemos Gazteak Zirkulua, Gazte Abertzaleak, Red Equo joven, EGI, Gazte Komunistak, Ezker Anitza-IU Gazteon Arloa, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Kimuak Atarrabi, Neska Gazteen Asanblada, Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea, Musikgerrilla, Gasteizko Gaztetxea, Judimendiko Gazte Asanblada, Errotako Gazte Asanblada, Gazteiraultza.info, Gasteizko Gazte Etxebizitza Asanblada.