Abetxuku izan zen auzoko jaien txanda ireki zuena, maiatzaren lehena protagonista, eta hiriaren iparraldetik, hegoaldera mugitu da azken astean festaren algara. Izan ere, maiatzaren 28an abiatutako egitarau bete baten ondoren, asteburu honetan auzoko fetsen egun nagusiak ospatuko dira Aranan.
Txosna gunea ostegunean ireki ondoren, ostiralean txupinazoa botako dute San Jose plazan, 18.30ean, Txapelduna pertsonaiaren jaitsierarekin batera. Arratsaldean zehar, buruhandiek, txorizo dastaketak, fanfarreek eta antzezlanek hartuko dute enparantza. Ondoren, auzoa dantzan jarriko du hut sez inezko Joselu Anaiak taldeak.
Larunbatean, goizean goiz hasiko da festa giroa: kalejira, borroka libre txapelketa eta Euskal Herriko dantza topaketa eskainiko dira. Arratsalderako, billar topaketa, haurrentzako puzgarriak eta jolasak, partxis txapelketa eta tabernetan rock emanaldiak prestatu dituzte. Gauean iritsiko da jende gehien auzora: oholtzara, O'Funkillo, El Ultimo Txikitero eta Pota en la Sopa igoko dira. Biharamunean –adiera guztietan, akaso–, kotxe klasikoen erakusketa, lorategian landaketa, eskolanien kontzertua, txokolatada eta Gastros wing topaketa burutuko dira, ondoren Txapeldunari aurresku batekin 22.15ean datorren udaberrira arte agur esateko.
Txagorritxun, aste oso bat
Txagorritxuko jai batzorde herrikoiak ere gogor lan egin du aste oso bateko egitaraua prestatzeko. Astelehenetik hasita, ekintza zerrenda amaigabea gauzatuko dute: autodefentsa feminista ikastaroa, maskulinate tailerra, kale zinema, dardo, poker eta futbolin txapelketa eta dantza-plazan saioa, besteak beste. Musika kartelari dagokionez, ostiralean Punkaraoke eta Ekin izango dira gaueko izarrak, eta larunbatean Ordu gorriak, Sustrajah band eta Triki & Traun igoko dira taulara. Twitterren, @txagokojaiak profilean ezagutarazi dute eskaintza osoa.
Judimendin, larunbatetik
Judimendiko jaien muina San Juan gaua baldin bada ere, larunbat honetan hasiko dira giroa pizten, auzoko musika taldeen performance batekin. Atariko honen ondoren, ekainaren 15etik 20ra bitartean Gazte aste kulturala burutuko dute; nagusiek ere izango dute euren festa, ekainaren18an (osteguna).
Txupinazoa ekainaren 19an botako dute –ostirala–, eta orduan gerturatuko dira Gasteiz osoko parrandazaleak Sefarad plazako txosnagunera. Asteburuan zehar, Estrikalla, Badsound system, Rebolutionary brothers eta Feos pero majos taldeak pasako dira agertokitik, eta San Juan gauan dantzaldi doinuak nagusitko dira –berbena–, Ingo al deu andoaindarrekin.
Bestelako jarduerak egongo dira ere, besteak beste Wushu, saltsa eta herri kirolen erakustaldia eta haurrentzako Dantza kasting dantzaldia.
Alde zaharreko jai herrikoiak prestatzeko bilerak hasi dira ere, asteazkenero Zapateneoan, eta berdin ari dira, lanean, Aranbizkarra eta Zabalganan bezalako auzoetan. Auzotik auzoarentzat... eta auzokoak ez diren festazaleentzat.
Ate-joka
Arana: Ekainaren 12a arte
Txagorritxu / Gazalbide: Ekainaren 8tik 13ra
Judimendi: Ekainaren 19tik 24ra
Alde Zaharra: Ekainaren 22tik 28ra, 'Zaharraz harro'
Arriaga: Ekainaren 20tik 24ra
Aranbizkarra: Ekainaren 26tik 28ra
Zabalgana: Uztailak 16tik 19ra
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA
Argazkia: DJ Loro