Mosketea eta pistola kargatzeko ariketak, kanoi jaurtiketak, esgrima erakustaldiak eta 80 antzezleren desfile militarra: horiexek izango dira ekainaren lehenengo asteburuan Armentiako zelaietan altxatuko duten kanpamentuaren jarduera nagusiak.
Izan ere, Napoleonen hirugarren astea antolatu dute 'Vitoria 2013 elkarte historikoak' eta '1813ko Gasteizko Batailaren antzezpen historikoaren elkarteak', Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.
Soldaduen kanpamentuaren atariko gisa, bisita gidatuak, proiekzioak eta hitzaldiak antolatu dituzte asteburu honetatik hasita. Bi bisita gidatuk irekiko dute egitaraua larunbatean. Batetik, Gasteizko Bataila gertatu zen Jundizeko muinora lau orduko txangoa antolatu dute, 10.00etan Florida parketik abiatuta, hamar eurotan. Bestetik, historiaren pasarte odoltsu horri buruzko bizikleta txangoa antolatu dute, 11.00etan Postas kaletik hasita, hamar eurogatik ere. Igandean txirrindula irteera errepikatuko dute, ordu berean.
Patxi Viana arabarrak hartuko du lekukoa astelehenean, Gasteizko Batailaren ondoren suertatutako gatazkei buruzko hitzaldia eskaintzeko. Ondoren, aste osoan zehar burutuko diren hitzaldi eta emanaldiek ekitaldi nagusiari emango diote paso, datorren asteburuan Armentian altxatuko duten kanpamentu militarrarekin.
Ekainak 4, osteguna
'El General Álava y Wellington' liburuaren aurkezpena (Gonzalo Serrats), 19.30ean Europan
Ekainak 5, ostirala
Gerrari buruzko kontzertua Arka plazan, 20.00etan
Ekainak 6-7
Kanpamendu militarra Armentian
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA