Besteren artean, Jose Angel Cuerda, Joseba Azkarraga eta Blanca Urgell izan dira agerraldian. Azken honek, gainera, hitza hartu du Andres Krakenbergerekin batera. Urgellek azaldu duen moduan, gaur jakitera eman duten adierazpenaren bitartez udalean ordezkatuta dauden talde politikoetako ordezkariei “alderdien interesen gainetik” Javier Maroto alkate izan ez dadin “behar den moduan” jokatzeko eskatzen diete.
“Hiri honetan bizi garen pertsonen onetan, udalburu ohiaren ekintzen eta mezuen aurrean azaldu duten jarrerarekiko koherentzian –jarraitu du Urgellek- bidezko erabakiak har ditzatela eskatzen dugu”. “Akordio eta kontsentsu politiko zabaletan” oinarrituta, udalbatza berriaren etorkizuna gidatuko dutenek gizarte zerbitzuen "erreforma sakon" bat egin behar dutela deritzote sinatzaileeek, herritarren elkargune "integratzaile eta solidarioa" bideratu ahal izateko.
Zentzu berean, gogora ekarri dute Maroto alkate izan denean “giroa zapuztu eta gaiztotu” duela, baita hiritarren arteko liskarrak sustatu ere. Halaber, diru-laguntzen iruzurra hiritar-talde zehatz batera mugatu zuenean PPko ordezkariak “marra gorriak” gainditu zituela salatu dute. Hori dela eta, “gorrotoaren diskurtsoa” erabili duenak ezin duela Gasteizko alkate izan uste dute adirazpenaren sustatzaileek. Are gehiago, maiatzaren 24an hautesleen ia %70ak Maroto ordezkatzen ez duen aukereetako bati botoa eman ziola nabarmendu dute.
Orain arte, herritar talde honek ez du ordezkari politikoekin kontakturik izan, hala ere, bilerarik aurreikusi ez badute ere, ez lukete “arazorik izango”. Haien ustetan, “bizikidetza” oinarri, egingarria da egiten duten eskaria “zenbakiek ematen baitute”.
Orotara, hamazortzi lagunek sinatzen dute adierazpena: Miguel Angel Ruiz, Eva Silvan, Juan Ibarrondo, Javier Añua, Jose Angel Cuerda, Juan Mieg, Blanca Urgell, Andres Krakenberger, Felix Placer, Miren Ortubay, Javier Argote, Joseba Azkarraga, Iñaki Larrinbe, Luis Mari Sanchez Iñigo, Javier Hernandez Landazabal, Alberto Cereijo, Iban Zadua eta Juanito Oiarzabal.