1- Hautesleriaren egonezina
Krisialdi ekonomikoaren zein ustelkeriaren larritasunak baldintzatuta iritsi gara M24ra. Urte luzeak dira langabeziaren eta pobretzearen mehatxu pean pasa ditugunak eta, horiei erantsi behar zaizkie botere-gune askotan egindako iruzurrak. Egoera horri aurre egiteko abiatu ziren M15eko matxinada baketsua eta ondoren etorri diren eskaintza politiko berriak. Horregatik, 2014ko Europako Legebiltzarreko eta Greziako hauteskundeen emaitzak ikusi ondoren, jakin-mina zegoen M24an hautesleen egonezina zenbatekoa den ezagutzeko. Azkenean, iraultza elektorala eragiteko sortu ziren aukerak haserrearen erakusleiho duinak baino mugatuak suertatu dira.
2- Eskaintza berrien galga
Hego Euskal Herriko emaitzek iraultza elektoralik ekarri ez dutela argi dago eta gertatutakoaren gaineko hipotesi batzuk bota daitezke:
A) Herritarren egonezinari neurriz kanpoko garrantzia eman diote komunikabideek, gizartean benetan zuen pisuarekin alderatuta; neurri batean, kontsumo mediatikorako jostailu gisa baliatu da M15eko matxinadaren segida;
B) Haserrea galanta izan arren, hori kudeatzeko sortu ziren alderdi berriak ez dira gauza izan herritarren gogoa politika instituzionalerantz masiboki bideratzeko;
C) Haserrea galanta izan da, baina orain krisiaren mamua hasi da ahultzen eta, denboraren poderioz, alderdi berriek sortutako lilura lurruntzen joan da; gizartea konformismorantz ari da lerrotzen berriz ere;
D) Egoerarekiko atsekabea beti arinagoa izan da hemen Espainiakoa baino. Azken buruan, arrazoia bata edo bestea izan, eskaintza politiko berriak galgatuta suertatu dira Araban.
3- "Parrokianismo" sustraitua
Aldaketak gertatu dira Arabako politikan, baina iraultzarik ez. Hainbat aginte-gunetan alderdien arteko txanda-pasa baino ez da egon. Espainiako ohiko alderdi nagusien unerik loretsuena ez bada ere, hortxe ditugu alderdi horiek boto poltsa txukun batekin oraindik. Beste horrenbeste esan daiteke bertako alderdi abertzaleez: gorabehera batzuk gertatu diren arren, ez dira ohi den tarte batetik askoz gorago edo beherago joan. Izan ere, gertatzen dena gertatzen dela ere, herritar askok dute gustuko alderdi batekiko atxikimendu iraunkor bezain mugiezina. Zientzia politikoak parrokianismo batailatu zuen hautu sutsu eta hertsi hori, zeina gertuago dagoen futbol talde bateko jarraitzaileen zaletasunetik, jardun politiko arrazional batetik baino. Taldekeriatzat edo taldetasuntzat hartuta, joera parrokianista hori sustraitua da gurean eta zoru sendoa ematen die ohiko alderdiei.
4- Abertzaleak merkatu berrian
Jeltzaleen esku gelditu da Arabako Foru Aldundia, baina EAJk zein EH Bilduk, bi-biek, galdu dituzte botoak. Biltzar Nagusietarako abstentzioa jaitsi eta 2011n baino 5 mila boto-emaile gehiago egon arren, alderdi abertzaleek metatu duten uzta murriztu da: duela lau urte 72.300 boto izatetik orain 66.800 izatera. Arrazoia izan liteke eskaintza elektoral berriek alderdi abertzaleei botoak kendu izana, eta ez gure alderdi horiek ohiko politikan edo kanpainan gaizki jardutearen ondorioa. Kontua da merkatu elektoraleko eskaintzan produktu edo lehiakide berriak daudela eta merkatu-kuota bat bereganatu dutela. Alderdi abertzaleek erantzun egokia eman beharko diote hurrengo galderari: arerioak ohikoak izan edo berriak izan, zer egin merkatu berri honetan kuota handiagoa eskuratzeko eta lehiakideak garaitzeko?
5- Pilotari aparta bezain lotsagabea
PPk, oro har, izan dituen emaitza txarrei erreparatzen bazaie, Marotok Gasteizen lortutako garaipena are deigarriagoa da; 2011ko hauteskundeetan baino hiru mila boto gehiago eskuratzea ez da txantxakoa. Maroto pilotaria balitz, esango genuke arerioak kantxan txikitu dituela. Batetik, etikaz haratagoko estrategian bete-betean asmatu du. Hasiera batean lotsagabe astindu zuen ezkutuko eta aitortu gabeko arrazakeria; alegia, kanpotik datorkigun ezezagun guztiaren inguruko aurreiritziak baliatu eta beldurra aktibatu zuen. Ondoren, mezua egokituz, ongizate laguntzak hobeto kudeatzearen aldarria egitera pasa zen. Eta, nork esan ezetz premia horri? Bestalde, ongi baino hobeto probestu du herri-lanen ikusgarritasuna (geltoki berria, Gasteiz Etorbidearea, Europa jauregia…); baita Green Capital edo Gastronomiaren Hiriburua izatearen glamourra ere. Aurrekoei, hauteskunde estrategia osoa kudeatzeko profesionaltasuna ere gehitu behar zaie, zalantzarik gabe. Emaitza begi bistan da. Gasteizko kantxan Maroto izan da jokaldi guztietan –joko zikinean ere bete-betean asmatu duen pilotaria, eta garaipen horrekin Arabako markagailuan ere tantoren bat eman dio PPri.
Testua: Iñaki Mtz. De Luna, soziologoa. Arabako ALEA