Bi aste barru berriz abian izango dira Arabako Biltzar Nagusiak. Hauteskunde batzordeak biltzarkideak izendatu eta hamar eguneko epean osatuko dute ganbera, hilaren amaiera aldera.
Itxura guztien arabera, eserlekuetan lehen indarra duen EAJko Ramiro Gonzalezek hartuko du aginte makila; 13 ordezkari eta 34.406 botu eskuratu ditu alderdi jeltzaleak. Haren atzetik, PPk 12 eserleku eta EH Bilduk 11 eserleku eskuratu dituzte. Eta, kolore berririk ere bada oraingo honetan; indartsu sartu da Podemos-Ahal Dugu, zortzi ordezkarirekin, eta euren ordezkaria izango dute Irabazik eta Ciudadanosek ere. Kolpe latzena PSEk hartu du, bederatzi ordezkari izatetik bost izatera igaro baita.
Astelehenetik aurrera hasiko ditu Ramiro Gonzalezek beste alderdiekin hartu-eman ofizialak gobernua osatzeko asmoz, eta hark antolatutako bileren zain daude gainontzeko alderdietako kideak ere. Ez du samurra izango negoziaziazioa Gonzalezek, halere, alderdiren baten babesa bilatu beharko baitu, 13 biltzarkide eskas baitira 51 eserleku dituen ganberan.
EAJko Araba Buru Batzarrak asteartean egindako bileraren ostean jakinarazi zuen eserleku emaitzekin "pozik" daudela. Izan ere, duela lau urte lortutako eserleku berberak irabazi dituzte jeltzaleek, baina oraingoan PPk baino eserleku bat gehiago dute. EAJk baino seiehun bat boto gehiago izan ditu PPk, baina lurraldeko egitura banaketagatik, bigarren indar izatera pasa dira popularrak.
Biltzar Nagusietan izandako babesa eta lurraldeko 51 herrietatik 25etan lortu dituzten emaitza onak nabarmendu zituzten astearteko ABBko bileran: "Hamahiru biltzarkide eta 178 zinegotzi izatea ez da nolanahiko emaitza; beste alderdiek erakutsi ezin duten aurkezpen karta dugu guk".
Datuak eskuan, gobernu "sendo eta eraginkorra" sortzeko prest agertu da EAJ, eta horretarako astelehenetik aurrera ekingo diela adierazi dute. "Gehiengorik izan ez dugun udalerrietan beste alderdiek hasi behar dituzten negoziazioen zain geratuko gara, eta orduan hartuko ditu ABBk beharrezko erabakiak", nabarmendu dute, Gasteizko alkate Javier Marotori erreferentzia eginez.
Aldundiko aginte makila hartzeko aukera handiak ditu Ramiro Gonzalezek, baita hurrengo lau urteetan gutxiengoan aginduta ere. Orain dela lau urte Javier de Andres izendatu zuten ahaldun nagusi, PSEren botoei esker, baina, gaur gaurkoz, ezinezkoa dirudi halakorik gertatuko denik.
Halere, "lehentasuna" ez duen arren, haren burua ahaldun izateko aurkeztu dezakeela iragarri du De Andresek, baldin eta ezkerreko alderdien "akordioa" izango balitz EH Bildurekin. Ciudadanosen botoa nahikoa luke Ramiro Gonzalezen pare jartzeko; areriorik ezean, lurraldean boto gehien izanik hura izango litzateke ahaldun nagusi.
Hiru alderdi berrik dute lekua Aldundiko mapa berrian. Irabazik, Ciudanosek eta Ahaldu Duguk lortu dute ordezkaritza, baina azken hau indartsuen –zortzi eserlekurekin– eta gobernurako hartu-emanetan giltza izan daiteke. Gobernu akordioak egitearen kontra agertu ziren hauteskundeen aurretik Ahal Duguko kideak, baina azken erabakia Euskadiko batzarrean hartuko dutela iragarri dute.
EH Bilduk hirugarren indarra izaten jarraituko du, hamaika eserlekurekin, eta antzeko botuekin botuen %20,5 lortu du koalizioak, 32.467 boto. Gobernurako aukerarik ez dute baztertzen, baina EAJk zer egingo zain daude. "Ramiro Gonzalezek irabazi du eta hark irekiko duen bilera errondaren zain geratzen gara". Hasier Arraiz Sorturen presidentearen arabera, EAJk PSErekin bilatuko ditu aliantzak erkidego mailan, eta beraz "aukera gutxi" izango dituzte jeltzaleekin.
Lau urterako erronkak
Laster argituko dira akordio eta kontrako jarrerak hurrengo legegintzaldirako osatuko den gobernuarekin. Eta, jarraian, ez dute lan makala izango agintea hartzen dutenek, eztabaida bizian dauden hamaika gai izango dituztelako zain.
Azken urteetan langabeziaren daturik txarrenak izan ditu Arabak eta horri aurre egin eman beharko diote alderdiek, gizarteko sektore kaltetuenetan neurriak bilatuz.Gizarte Ongizateko zerbitzuen egoera kezkagarriari buelta emateko ere hamaika lan izango dute aginte makila hartzen dutenek.
Ildo beretik, Arabako logistikaren etorkizuna erronka handia izango dute, Forondako aireportua eta Jundiz eta Arasur industria guneak indartu nahi badituzte.
Politika energetikoa ere izango da, bestetik, eztabaidagai nagusietako bat; Garoña eta fracking-a tarteko, ingurumenaren alorrean landu beharreko egitasmoak prestatu beharko dituzte, beharrizanei erantzun eta natur baliabideak arriskuan jartzeko eztabaida bizian.
Arabako Errioxako deitura propioan aurrera egiteko egitasmoak edota euskararen aldeko eta kontrako lehia ere izan daitezke datozen lau urteetarako erronka.
Botoak: 161.713
2011. urtean baino 5.323 lagun gehiagok eman dute botoa Araban; EAJk 13 eserleku, PPk 12, EH Bilduk 11, Ahal Duguk 8, PSEk 5, Irabazik 1 eta Ciudadanosek 1 lortu dute.
Aldaketa nagusiak
EAJ: Besteak beste, Aiara, Bastida eta Agurain eskuratu ditu EAJk, baina Lapuebla de Labarca eta Artziniega galdu ditu.
EH Bildu: Artziniega irabazi du EH Bilduk eta Legutio, Laudio, Zuia eta Aramaiori eutsi die, baina Agurain eta Aiara galdu ditu.
PP: Gasteiz, Guardia, Oion eta Manuetari eutsi dio, eta galdu egin ditu Bastida eta Ekora.
PSE-EE: Iruña Okari eutsi dio, Erriberabeitia galdu du eta Moreda irabazi du.
Testua: Anakoz Amenabar (@anamenabar). Arabako Alea
Argazkiak: Juanan Ruiz eta Raul Bogajo (ARGAZKI PRESS)
Infografiak: Aritz Mtz. de Luna