Leizaola plazan bertan egindako agerraldian, Galdosek eta Armentiak azaldu zutenez, “gaixo dauden presoen etxeratzea da batuko gaituen erronka, hil ala biziko auzia baita”. Horregatik, ekainaren 27an eguerdiko 12.00etan osatuko den giza kateak “dagokien bezala artatuak izateko duten eskubidea” aldarrikatuko du.
“Preso dauden pertsonek osasun eskubide guztiak onartuak eta errespetatuak izan behar dituzte”, gogoratu zuten agerraldian. Alta, gaur egun, 13 dira gaixorik dauden presoak. Besteren artean, Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarraren kasua aipatu zuten: “Lopez de Abetxukok bere egunerokotasuna mugatzen dion kardiopatia bat dauka baita bizi kalitatea murrizten dion endekapenezko gaitza ere. Egun, Villabonako kartzelan dago, bere bizilekutik 400 km. baino gehiagotara”.
Horiek horrela, pertsona guztien giza eskubideak defendatzen dituen sare herritarrak egoera “anker eta lotsagarri” honekin “behin-betiko” amaitu beharra dagoela azpimarratu zuen. “Giza eskubideak –gehitu zuten- ezin dira interes politikoen arabera erabili”. Horregatik, “osasun, justizia eta bizitza eskubidearen alde” eskuak elkarri lotzeko deialdia egin du Sarek. Hain zuzen ere, “justizia eta elkartasuna oinarri hartuta, preso dauden pertsonen giza eskubideak, osasunerako eskubidea eta bizitzarako eskubidea, babestuko dituen giza sare bat” osatu nahi dute hilaren azken larunbatean.
Argazkia: sare.eus