Geografia eta Historian lizentziatua eta Bibliotekonomian espezializatua, Gasteizko campuseko liburutegietan lan egin du hogei urtez baino gehiago. Gaur egun, Lasarten lan egiten du, Jarduera fisikoen fakultatean, Gorputz heziketa departamenduko idazkari gisa. Laster estreinatuko da ordezkari politiko bezala, Batzar Nagusietako zurrunbiloan.
Foru hauteskundeetarako, bosgarren postuan aurkeztu zinen Batzar Nagusietara Gasteizko barrutitik. Aukeratua izatea espero al zenuen, ala sorpresa izan da?
Ez nuen espero. Lauzpabost batzarkide lortzea espero genuen. Zortzi izatea, arrakasta handia suposatzeaz gain, sorpresa handia izan da ere.
Baloratu al dituzue dagoeneko Araban izan dituzuen emaitzak?
Duela bi urte, ez ginen existitzen, eta gaur egun Arabako laugarren indar politikoa gara. Emaitza horrekin, ezin dugu gobernatu, egin nahiko genukeen aldaketa burutzeko, baina badugu pisu garrantzitsu bat.
PSEren aurretik geratu zarete ere. Nola baloratzen duzue hauteskunde osteko mapa politikoa?
Bai. Zeharkako ezker moduan, Alderdi Sozialistaren aurretik egonda, uste dut ezkerraren erreferente izatera pasa garela Araban. Erronka zaila zen. Euskadin, soziologikoki Podemos fenomenoak ez zuela estatuan bezainbeste pisurik izango uste zen. Baina probatuta geratu da bazterkeria eta pobrezia arazoak edonon daudela. Orain arte axolagabe zeuden gazte asko, emakume asko eta zalantzati eta eszeptikoak botoa ematera joan dira.
Zer eginkizun izango duzue Arabako gobernagarritasunean?
Gure bokazioa ez da instituzioak gobernaezin bihurtzea. Instituzioetan sartu bagara, lan ona egiteko izan da. Hori bai, ez dugu itunak egiteko joerarik; orain arte, botere kuoten truke egin izan dira, eta ez da hori guk egin behar duguna. Guk indar politiko guztiekin hitz egingo dugu, eta ikusiko dugu programa-gai zehatzetan akordioetara iritsi gaitezkeen, hiritarren kezka nagusiei erantzuna emateko. Aukera guztiak aztertuko ditugu. Printzipioz, EAJ-k izango luke diputatu nagusia, baina hain berdinduta daudenez emaitzak, ikusiko dugu zer ematen duten elkarrizketek.
Aipatu duzu ezkerraren erreferente bihurtu zarela Araban, baina EH Bilduk zuek baino babes handiagoa lortu du. Zer harreman aurreikusten duzue ezkerreko koalizioarekin?
Beste indar guztiekin bezala, Bildurekin ere hitz egingo dugu. Egia esan, oraingoz, Podemosen Euskadiko Hiritar Kontseiluak ez du oso argi Bilduk zer egiteko asmoa duen.
Badirudi EAJ-k gutxiengoan gobernatuko duela Araba. Norekin eta zertan iritsi zaitezkete akordioetara?
Akordioetara iristeko, diagnostikoan eta konponbideetan bat egin beharko dugu. Gure programan hainbat proposamen genituen. Akordioetara iritsiko gara alderdiren batek bere programan proposatzen badu, adibidez, etxegabetzeei aurre egiteko etxebizitza larrialdi plan bat, edo arabar guztientzat ur, argi eta gas gutxieneko batzuk bermatzeko egitasmo bat. Horiek bezala, beste proposamen asko ditugu: dependentzia egoeran dauden pertsonentzat erreskatea, enpresa txiki eta ertainei babesa ematea, gardentasuna, ekonomia jasangarri eta solidario baten alde egitea, klientelismoarekin amaitzea... eta enplegu duina sortzea, ez miseria banatzea, gaur egun hiru enplegu sortu nahi dituztelako zortzi orduko jardunaldi bat zatituz, estatistikak hobetzeko. Bestalde, lehen sektorea suspertzea ere oso garrantzitsua da, nekazari gazteei laguntza eskainiz eta, bai nekazal munduan bai gainontzeko arlo guztietan ere, emakumea ikusgarri eginez. Podemos barruan berdintasunaren aldeko lanak pisu handia du. Diputazioan ere, ez da nahikoa berdintasun departamendu bat izatearekin. Berdintasun politikak departamendu guztietan aintzat hartu behar dira. Beraz, proposamen horien ildoan iritsiko gara akordioetara.
Zein izango da zuen lehentasuna, akordioetara iristeko orduan?
Lehentasuna pertsonak izango dira. Pertsonak, enplegua sortzea eta iruzurraren aurka borroka egitea, galdutako diru horrekin gauza asko egin daitezkeelako. Oso kezkatuta gaude Araban Gizarte Ongizatea dagoen egoerarekin. Mendekotasuna duten norbanakoei diru-laguntzak ematen ari zaizkie, eta gure ustez zerbitzu publikoa hobetu behar da, eguneko zentro gehiagorekin, adibidez. Izan ere, arazo ekonomikoez gain, pertsona askok beste arazo bat dute ere: bakardadea eta isolamendua. Gasteiztik kanpo, gainera, mugikortasun arazo handiak dituzte. Nola da posible gaur egun herrietako biztanle askok, medikura joateko adibidez, derrigorrean bizilagunen batekin joan behar izatea? Aldundiak dio ez dela errentagarria adibidez mikrobus bat jartzea; eta noski ez dela errentagarria. Ez da errentagarria izan behar, zerbitzu publiko bat da.
Atzera begira, nola baloratzen duzue Araban Podemosetik egindako hauteskunde kanpaina?
Oso aurrekontu baxuarekin egin dugu kanpaina. Mikrokredituen bitartez lortu dugu dirua, bankuekin zorrik ez izateak aske egiten gaituelako, adibidez etxegabetzeak gauzatzen dituzten bankuekin ezer ez kontratatzeko. Gainera, modu honetan ehun milaka euro aurreztu dizkiegu hiritarrei, kanpainak diru publikoarekin egin ohi baitira. Guk 85.000 euro gastatu ditugu Euskadi osoan. Alderdi handiek gastatu dutenaren %10a baino gutxiago da hori. EAJk milioi euro bat gastatu du. Guk imajinazioa erabili behar izan dugu, plazaz plaza eta auzoz auzo. Ehun kolaboratzaile baino gehiago izan ditugu, egunero goizean goizetik gauera arte karpak muntatzen, desmuntatzen, furgonetak gidatzen, eskuorriak banatzen... Hotza pasa dugu, beroa, haizeteak... Papeletak ezin izan ditugu etxez etxe banatu, gutxi genituelako, eta kalean banatu ditugu. Gasteizen, 37 ekitaldi egin ditugu. Araba osorako furgoneta bakarra izan dugu. Gasteizen lauzpabost egunez izan dugu, eta gainontzeko egunetan gainontzeko kuadrilletan. Aiaran eta Lur Jareetan 75 ekitaldi egin ditugu. Eta hauteskundeen egunean, 600 ahaldun genituen hauteslekuetan. Hau guztia, Gasteizko udalean Podemosen babesa izan duen Sumando-Hemen Gaude alderdi instrumentalarekin batera egin dugu. Gero, gertatu izan da bere marka ez dela oso ezaguna izan eta horrek kalte egin diela. Bi zinegotzirekin zaila izango da aldaketa gauzatzea, baina horren alde borroka egingo dute. Nahiz eta beste espektatiba batzuk izan, Gasteizen hamar mila boto lortzea arrakasta bat da, tetrapartidismoan sartzea zaila zelako.
Handia izan da Batzar Nagusietarako eta Gasteizko Udalerako lortutako botoen arteko aldea. Zerk eragin du hori?
Agian estrategian huts egin dugu. Hauteskunde ikastetxeetan, jendeak behin eta berriz galdetzen zuen zein zen Udalerako Podemosen boto txartela. Batek baino gehiagok. sartu du Batzar Nagusietarako Podemosen txartela Udalerako gutun-azalean, botoa baliogabetuz. Nahiz eta kanpainan lan izugarria egin duten, jende askori ez zaio iritsi Podemosek Gasteizen babesten zuen alderdiaren izena. Hori izan daiteke ezberdintasun horren arazoetako bat. Espero dut datozen hauteskundeetan leku guztietan Podemos bezala aurkeztu ahal izatea.
Bai Podemos barrutik bai kanpotik ere, kritikak sortu dira, alderdia bilakatu daitekeelako ordezkatu nahi duen horren gauza berdin bat... Nola saihestuko duzue joera hori?
Podemos alderdi erabat ezberdina da, bere barne-antolamendua aztertuz gero. Zirkuluak dira gure oinarria. Haiek egiten dituzte eztabaidak, zirkuluek hautagaiak aukeratzen dituzte, hautagaiek proposamenak aurkezten dituzte batzar batean, gero bozka egiten dugu... hori guztia erabat ezberdina da. Esperanza Agirrek aurrekoan esan zuen azken aldia dela zerrendak orain arte egin izan dituzten moduan egiten dituztela, zu nirekin bigarren postuan, hori hirugarren, bestea laugarren... Hori aldatuko badute, Podemosen eraginez izango dela uste dut. Guk erabiltzen ditugun hitz asko erabiltzen dituzte orain: hauteskunde primarioak, ahalduntzea, gardentasuna... Eragin handiagoa izan dugu guk haiengan, haiek gugan izango dutena baino. Eta akusazioei dagokienez... zirkuluetan eztabaida handia dago, eta hala izan behar da. Gure artean ez genuen orain arte elkar ezagutzen, eta ez dugu denok berdin pentsatzen, eta gogaitu arte eztabaidatzen dugu guzti-guztia, eta hala izan behar da.
Iristen bada eguna zeinetan batek hitz egiten duen eta gainontzekoak txalo egiteko gauden, orduan etxera joan gaitezke. Batzar Nagusietan erabaki garrantzitsuak hartu baino lehen, gure batzarretan eztabaidatuko dugu.
LABURREAN
Fracking.
Ez, ezta inolaz ere.
Garoña.
Betirako itxi.
Trebiñu.
Trebiñarrek erabaki beharko dute. Arabako zortzigarren kuadrilla izan dadin nahiko genuke.
Foronda.
Nire aitaren herria! Eta aireportuari dagokionez: 24 orduz irekita behar dugu. Euskadiko eta Espainia iparraldeko aireporturik onena da. Merkantzietarako oso garrantzitsua da. Eta bidaiariei dagokionez, saiatu beharko gara, baina dauzkagun beharrekin, ezin diegu konpainiei milioiak oparitu, bidaia batzuk egin ditzaten.
Abiadura Handiko Trena.
Birpentsatu behar da. Azpiegiturak behar ditugu, merkantzietarako ere, baina gero jende askok ezin badu erabili... Proiektu oso garestia da, eta beste lehentasun batzuk ditugu orain.
Gizarte ongizatea Araban.
Zerbitzuak berreskuratu behar dira, gutxienez murrizketen aurreko egoera lortuz eta hiritarren arazoak konpondu ahal izateko leihatila bakar bat irekiz.
Euskara.
Gazteen artean, aisialdi esparruan sustatu behar dugu. Eta administrazioan, zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea bermatu behar dugu.
Zuk aukeratu azkena...
Kultura. Izugarrizko murrizketak egin dira. Premiazkoa da sortzaileak babestea. Kultura zaintzen ez duen herri batek asko dio bere gobernariei buruz.
Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA