Arrazakeriaren kontra zein laguntza sozialen iruzurren kontra dagoela adierazi du Marotok, "egiten duenak egiten duela". Adierazpen hori bere izena arrazakeriarekin ez lotzearren egin duela zehaztu du.
Atzo eskatu zion EAJko presidente Andoni Ortuzarrek Marotori proposa diezaiela "bestelako hiri baterako akordioa" oposizioko alderdiei: "Izan ere, berak egin nahi duen Gasteiz egiteko, bakarrik dago". Udalak osatzeko astebete baino gutxiago falta dela egin du deia Ortuzarrek —larunbatean osatuko dira—. Gasteizko Udalean bederatzi zinegotzi lortu zituen Javier Marotoren PP alderdiak —hamalau behar dira gehiengo osoa izateko—.
Hala ere, Marotok ukatu egin du bere gaurko adierazpena EAJren eskaerari eginiko erantzuna dela; "areago doa", esan du. Hala, "desberdina" errespetatzeko eta arrazakeriaren zein intolerantziaren kontra jarduteko konpromisoa hartu du. Gasteiz elkarbizitzaren eta kohesio sozialaren hiri bihurtu nahi duela ere esan du.
Honi lotutako albiste gehiago:
Aretoa lepo, Maroto alkatetzatik kentzeko akordioa eskatu du Gora Gasteizek
Maroto alkate ez izateko alderdien arteko akordioa eskatzen duen sinadura bilketa martxan jarri dute
Iturria: berria.eus
Argazkia: Javier Maroto, hauteskunde ekitaldi batean. (@ganavitoria)