Aintzira Guraso Elkartea Salburuako Aintzira eta Arantzabelako Oihan guraso elkarteek jakinarazi dutenez, duela aste inguru Hezkuntza Sailak bi ikastetxe hauei jakinarazi zien, 30en artean, LOMCEren azterketa hau egiteko esperientzia pilotu gisa aukeratuak izan zirela. Astelehen honetan, berriz, probak gaur, osteguna, hasiko zirela esan zien. “Gure ikastetxeetan Guraso Elkarteek, irakasleek eta Ordezkaritza Organo Gorenek askotan adierazi dugu Hezkuntza Lege berri honen kontra gaudela”, adierazi dute familiek eta hasiera baten Eusko Jaurlaritzak lege honen kontra zegoela adierazi bazuen ere, errealitatea oso bestelakoa dela salatu dute, ikastetxeetan Heziberri 2020 Planaren bitarteaz ezartzen ari direlako.
“3. mailako familia gehien-gehienak proba hau egitearen kontra gaude, eta Lope de Gereñuko familiekin batera, Hezkuntza Sailean aurkeztu ditugu probari ezezkoa ematen diogula adierazteko sinadurak”, argitu dute. Argi daukate ez dutela nahi euren seme-alabek proba hau egitea nahi eta horregatik planto egin diote. Horrela, “Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu LOMCE ez aplikatzeko, bertan behera uzteko 3. mailako proba hauek. Eskatu egiten dugu denon arteko hausnarketa eta eztabaida, gure hezkuntza sistema gure errealitatea eta beharrak kontuan hartuta eraikitzen jarraitzeko”, gaineratu dute gurasoek.
Gasteizko Gure Hezkuntza Pataformak kalejira antolatu du datorren ostiralean, ekainaren 5a, arratsaldeko 6etan Korreos Plazan, “LOMCEren aplikazioa salatzeko eta gure hezkuntza sistema hobetzeko guztion parte-hartzea aldarrikatzeko”.
Gai honi lotutako albiste gehiago: